Herri programa sakonean

Duela 650 urte Usurbilek burujabe izateko erabakia hartu zuen, Donostiatik berezituz.

Urte luzeetan garatutako herrigintzaren ondorioz, Usurbilek eutsi egin dio bere herri-nortasunari eta herri-proiektuari: generoa edota jatorria edozein delarik ere, bazterketarik gabe eta askatasunez bizi ahal izango den Usurbil jasangarria eta bizigarria dugu zerumugan, ingurumenarekin harmonian biziko dena, herri/auzoen nortasuna errespetatzen duena, herritar eleaniztunez osatua, eta bizikidetza eta kultura-aberastasuna oinarri, euskaraz biziko dena.

Ez datoz garai errazak, ordea. Usurbil dagoen tokian egonda, Donostiatik hain gertu, bi aukeren arteko lehian bizi da: Donostialdean kaiolatu eta praktikan Donostiako auzo bihurtu, edo herri-nortasunari eutsi, izaera propioa zainduz eta indartuz.

Gaur egun, Udalez gaindiko administrazioek egina dute aukera. Dena da, beraien hitzetan, San Sebastian Region. Lurralde antolaketaren ikuspegitik denak pibotatzen du Donostian, adibidez, garraioari eta mugikortasunari begiratuta, hortxe dugu metroa edo autobus-zerbitzuen berrantolaketa, etxebizitzen politikan (Donostiatik jende xehea uxatzen ari dira eta inguruko herrietara bidaltzen), merkataritzaren ikuspuntutik Donostiako korridorea bultzatzen ari dira, eta abar. Horrek guztiak sekulako eragina du Usurbilen, eta horregatik asmatu behar dugu gure baloreei eta izaerari eusten, Donostiak irentsi ez gaitzan. Gure herri-nortasuna urardotu ez dadin.

Herri-programa hau norabide horretan egin dugu, herri burujabea izaten jarraitzeko. Gure burua babesteko. Hiru zutabetan jartzen du arreta: herri-nortasunean (gure baloreetan), herri-eredu jasangarrian (gure baloreen arabera garatutako proiektuetan), eta ongizartean (denok ondo bizitzeko bitartekoetan). Hiru esparru horiek elkar-elikatu egiten dute, eta osotasuna ematen diote gure herri-ikuskerari. 100dik gora proposamen biltzen ditu programa honek.

Chomsky-k zioen, gure bizitzaren gaineko kontrola historiaren funtsezko ezaugarria dela. Guk gure bizitzaren eta gure herriaren kontrola izan nahi dugu, izan ere, ulertzen dugu, feminismoaren lanabesak geure eginez, burujabetza norberetik hasten dela eta behetik gora eraikitzen dela.

Burujabetza edota jabekuntza prozesua, finean, ahalduntze indibidual eta kolektiborako ezinbestekoa da, eta, ondorioz, herri-programa honek horretarako tresna izan nahi du: egitasmo burujabe eta aitzindarien bidez, herri bezala eta pertsona bezala ahalduntzeko tresna. Modu anitzetan ulertzen baitugu burujabetza. Poliedrikoa da: elikadura, lurralde, gorputz, energia eta abarren burujabetza. Gainera, batak besteari eragin eta baldintzatzen dio.

Eta ariketa burujabe hauek elkarrekin egin nahi ditugu, Usurbil osatzen duten herri/auzo guztiekin eta herritar ororekin. Gure proiektuaren erdigunean bizitzak eta pertsonak/usurbildarrak daude, eta horren gainean eraiki nahi dugu gure herri-proiektua.

Herri kohesioan eta artikulazioan indarra jarri nahi dugu, herri gisa indartzeko.

Finean, guk geuk idatzi nahi dugu gure herriaren historia.

Udalez gaindiko gaiak erantsi: irakurketa orokorragoa: prozesua + gatazkaren ondorioak + Katalunia + gai sozialak…