Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Oinarriak


HERRI NORTASUNA


1. Euskalerrigintza

Etorkizuneko Euskal Herria independente, bizi, euskaldun eta berdinzalea zerumugan, behetik gora, Usurbildik ere ari gara gure nazioa eraikitzen, euskalherringintzan eta euskaratik ari gara, eraikuntza komunitarioaren indarrez.

2. Euskara

Euskara dugu berezko hizkuntza. Gure kultura eta nortasunaren funtsezko osagarri. Hizkuntza politika berria behar dugu, burujabea, kanpo esku hartzerik gabea.

Gure hizkuntza-politikak behar du izan: organikoa, ez asistentziala, zeharkakoa, eta eragile zein herritarrekin elkarlanean osatua. Horretarako, euskararekiko atxikimendua sustatuz, euskaldun izate kontzientzia, eta euskaraz bizitzeko nahia, hau da, herri gogoa elikatuko dugu. Askotariko hizkuntzak elkarbizitzen duten Usurbil euskaldun bat nahi dugu; euskara guztion artean komunikatzeko ardatz duen herri bat. 

3. Kultura

Kultura bizia eta herritarra dugu helburu, herritik sortua, herriarentzat eta munduarentzat gozagarri. Herritarren auto-eraketa eta ahalduntzea bilatuko duen kultur ereduaren alde egiten dugu. Kultur-ekosistema indartzea eta jasangarri egitea dugu norabidea. 

Euskal Herriaren aniztasun kulturala aldarrikatzen dugu. Horren baitan euskal kultura eta euskarazko kultura ditugu aniztasun horren guztiaren kohesionatzaile eta ardatz. 

4. Aniztasuna eta inklusibitatea

Guretzat herri honetan bizitzea erabaki duen pertsona oro da euskal herritarra, edonon jaioa dela ere.  Euskal herritar guztiok ditugu eskubide eta betebehar berberak. Pertsona guztientzat eskubide guztiak eta aukera berdintasuna aldarrikatzen ditugu.

Aldarri hori errealitate izan dadin behar besteko neurriak abian jartzeko konpromisoa hartua dugu, zurrumurru eta aurreiritzi faltsuak zabaltzen dituzten mezu interesatuak desmuntatzetik hasita.

Migratzaileen aurkako politika xenofoboak nagusitzen ari diren aldi honetan; guk aniztasuna aukera bihurtu nahi dugu. Aniztasunak aberastasuna dakar gure herrira; aberastasun kulturala, soziala eta  ekonomikoa. Horregatik, kultura-aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza gure herriaren ikur bihurtu nahi ditugu. Ikur ez ezik, gure eguneroko jardun.

5. Parekidetasuna eta askatasuna

Emakumeak libre, beldur barik eta aukera-berdintasuna bermatuko duen herria izan nahi dugu. Zero tolerantzia indarkeria sexistaren aurrean! Udal politiketan ikuspegi feminista txertatzen jarraituko dugu. Gizonen neurrira egindako munduan bizi gara. Gizonen beharrak eta interesak guztionak balira bezala ulertu izan dira; gizonek guztiok ordezkatuko bagintuzte bezala. Edozein politika publiko edo ekimen egiterakoan emakumeen beharrak, arazoak eta interesak aintzat hartu behar dira. Ez da zilegi politika publikoak egitea emakumeen parte-hartzerik gabe.

Pertsona orok dugu gure identitatea definitzeko eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubidea. Horregatik, LGTBIQ+ pertsonez euren sexualitatea eta generoa modu askean bizi dezaketen herria izan nahi dugu. Izan, bizi, hautatu eta gozatu… LIBRE!

6. Hezkuntza

Hezkuntza herritik sortzen da eta ez da hezkuntza herririk gabe. Horregatik, herri-hezkuntza proiektu euskalduna, irekia, parte-hartzailea, berritzailea, inklusiboa eta euskal curriculuma oinarri izango duena babesten dugu, Euskal Herriari lotua. Dela eskola esparruan, aisialdi testuinguruetan, edota eskolaz kanpoko formazio eta hezkuntza eremuetan, gure herriaren aniztasunaren adierazgarri diren eta errotik lotuta dauden eskola-komunitate ezberdinen eskolak herriaren zerbitzura egoteko baliabideak jartzen jarraituko dugu. Haurren, nerabe, gazteen, helduen eta adinekoen beharrak erdigunean jarriko dituen hezkuntza eredutik Herri hezitzailea eraikitzen jarraituko dugu.

7. Bizitza eta memoria

Euskal Herrian ez dugu benetako bake eta normalizazio politiko egoerarik ezagutu, gutxienez, altxamendu frankistaz geroztik. Horregatik, Memoria, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea, eta espetxe politika egoera berrira egokitzea eskatzen dugu.

8. Herri ondarea

Herri ondarea materiala eta inmateriala berreskuratzeko eta zaintzeko lan-ildoa ezinbestekotzat jotzen dugu, gure herri nortasunaren gordailu gisa. Ondare hori balioan jarri eta herritarren esku jarri nahi dugu, horretarako beharrezkoak diren baliabide material berriak baliatuz.

9. Herriak eta auzoak

Gure herria anitza da, sentimenduz anitza, eta herri zein auzoek garrantzia berezia hartzen dute. Izaera ezberdin horiek osatzen dute gure herria eta izaera horiek babestu eta sustatuko ditugu, baita elkarren arteko elkarlana eta komunikazioa,  komunitate anitzez osatuta herri bat garen heinean.


HERRI JASANGARRIA


10. Ingurumena

Krisi klimatikoa errealitate ukaezina da honezkero eta erronka ekosozialari aurre egiten jarraitu behar dugu. Eremua zabala dela jakinik, tokiko hainbat eskumen aktibatuz zein udal jarduna gainditzen duten eskumen eremuetan beste administrazio sektorial desberdinekin koordinatuz, ondorengo esparruetan eragin beharra ikusten dugu: energia komunitate lokalen sustapena, uraren ziklo osoaren zaintza, basogintza, landa eremuaren antolaketa, jarduera industrialen gaineko kontrola, eta ingurumenarekin harmonian jardungo duen hiri antolamendua.

11. Hirigintza

Hirigintza jasangarria eta ez espekulatiboaren bidetik, lurzoruaren gehiegizko okupazioa saihestuko dugu, eta, beraz, eraikita edota zahartuta dauden eremuak berrerabiltzea eta birgaitzea izango da lehentasuna; kalitatezko espazio publikoak sortuz, balio ekologiko gehien duten eremuak babestuz, mugikortasun jasangarria sustatuz eta hiri-sistema efizientea diseinatuz. Auzoen bizigarritasuna eta garapen endogenoa sustatzeko lurzoruak erosiko ditugu udalerriko beste herriguneetan eraikuntza garapen komunitarioak sustatzen laguntzeko.

12. Mugikortasuna

Mugikortasun jasangarria lehenesten dugu, honako hurrenkeran: oinezkoak, motorrik gabeko ibilgailuak (bizikletak, gurpildun-aulkiak, patinak…), garraio publikoa (tren, autobusak…), ibilgailu motordun partikularrak (kotxeak eta motoak, batez ere). Horrekin batera, gure kaleak egokiak eta seguruak izan daitezen, irisgarritasun eta genero ikuspegia ere aintzat izango dugu.

13. Hiri hondakinen kudeaketa

Ahal den hondakin gutxien sortzen eta sortzen direnak ahal beste herrian bertan kudeatzeko norabidean jarraituko dugu. Usurbil 0.0 ildoarekin jarraituta, hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako programa bururaino gauzatuko dugu, hondakinak lehengai bihurtzen dituen ekonomia zirkular batera bidean. Bikaintasuna nahi dugu hondakinen kudeaketarako ziklo osoan.

Hondakinen kudeaketa ingurumen arazo izateaz gain, osasun arazo izatera ere iritsi dela jabetuz, Errauste plantaren alternatiba baztergarritzat jotzen dugu. Bestalde, dena delako azpiegitura izan, honen gaineko kontrol zorrotza ezinbestekoa da; Kontrol  publikoa, soziala eta teknikoa. Eta hori izango da gure jardueraren ardatza.

14. Energia trantsizioa

Erregai fosilekiko menpekotasuna progresiboki murriztea. Energia burujabetza ipartzat hartuta, ahal den neurrian, energiaren sorkuntza, banaketa eta kontsumo zikloak maila lokalean itxi ahal izatera iristea. Energia berriztagarrietan oinarritutako komunitateak sustatuz burujabeago izatez gain, energia gutxiago kontsumitzera bideratuko gara udal eraikin eta baliabideen efizientzia energetikoa lehentasuna izanik desazkunde antolatura bidean.

15. Baliabide hidrikoak

Gure herriko baliabide hidrikoen jarraipena egingo dugu hauen garrantziaz jakitun izanik, beharrezko zaintza eta babes neurriak hartzeko. Gainera, baliabide horien gaineko jabetza eta kontrol publikoa edo publiko-komunitarioa izango dugu oinarri.

16. Nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura burujabetza

Pertsona, ingurugiroa eta kultura aintzat hartu nahi baditugu, ezinbestekoa da lehen sektorea indartzea. Eredu jasangarri batek kalitatezko elikagaiak bermatzea, burujabe izatea eta agroekologia oinarri izatea ezinbesteko ditu. Hau da, jendeari elikagaiak errazten dizkio, ingurugiroa zaintzen du eta gure paisaia-aniztasuna bermatzen du. Lehen sektrorearen, landa inguruneko herritarren eta udalaren arteko harremana iraunkortuko dugu gure herrian lehen sektorean aritzeko baldintza administratiboak hobetu, nekazaritzako eta abeltzaintzako egitasmoak abiatzea errazagoa bilakatzeko. Transgenikorik gabeko herri bat izatea nahi dugu.


ONGIZARTEA


17. Garapen sozioekonomikoa

Enplegu duina eta herritarren ongizatea helburu, ekonomia zirkularra, tokiko harreman komertzialak, sektore arteko sinergiak eta maila lokaleko jarduera ekonomikoen aniztasuna eta diferentziazioa sustatzea dugu helburu. Herriko enpresa-ehuna berritu, balio erantsi handikoak eta iraunkortasun ekosoziala ardatz dutenak erakarriz edo sortzeko baldintzak eskainiz. Izan ere, garapen ekonomikoa ezin da pertsonen duintasunaren bizkar egin, eta kapitala erdigunean jarri ordez, pertsonen interesak eta beharrak lehenetsi behar dira.

18. Gizarte politikak

Herritarrak ongi bizitzeko, osasuntsu, zoriontsu eta duintasunez bizitzeko zerbitzu publikoen eskaintza zabala garatzen joan, modu publikoan edo modu publiko-komunitarioan. Zahartzaroari modu integralean erantzun. Zaintzaren ikuspegi komunitarioa indartu eta beharrak dituzten herritarrentzako babesa indartu.

19. Etxebizitza

Hirigintzaren eredu berriaren ardatza alokairuaren aldeko apustu garbia izateko hautua egiten dugu. Ahalik eta gutxien eraikitzea eta lur berriak ez okupatzetik abiatuz, lehenetsiko diren bideak etxe hutsen erabiltzea, alokairu publikoa sustatzea eta birgaitzea izango dira. Etxe kaleratzeak ekiditeko neurriak hartuko ditugu.

20. Hirugarren adina

Guztiona da hirugarren adina, denok baitugu xede berau gozatzea. Beraz, gure zahartzaroa gozagarria izan dadin denon ardura da hori babesteko behar diren neurriak hartzea. Hots, kaleak egokitu behar ditugu, ibilbideak irisgarri egin, aisialdi osasuntsua bermatu eta komunitatea eraikitzen jarraitu. Izan ere, horrek sistema kapitalistaren ondorio latzenei aurre egiteko erremintak jarriko dizkigu eskura; hirugarren adina zaintzea herria egitea baita.

21. Haur eta nerabeak

Herri bat ez da osasuntsua haur eta nerabe (HN) osasuntsurik gabe. Horregatik, HNek nazioartean berretsitako eskubide propioak dituzte. Gure lana da eskubide horiek bermatzea eta babesgabetasun egoeran HNrik egon ez dadin behar diren herri- eta instituzio-erremintak garatzea. Adibidez: gizarte zerbitzuak indartzea, inklusio programak garatzea, tratu onaren politikak sustatzea eta abar.

22. Gazteak

Gazteriak krisiaren eta, oro har, sistemaren ondorio latzak modu berezituan pairatzen ditu. Bizitza politikoan, gazteriaren parte-hartze zuzena ezinbestekoa da, dagozkion eskubide eta beharrizanei erantzuteko eta jendartea eraldatzeko. Gure helburu den zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko gazteria ahalduntzea nahitaezkoa da. Bide horretan, parte-hartzea izango da EH Bilduk garatuko duen gazte politikaren oinarri nagusia. Ez gatoz gazteriarentzako programa konkretu batzuk, edo laguntza ildo jakin batzuk sustatzera eta bideratzera. Gazteak erabakien parte izatea nahi dugu, gazteoi zuzenduriko politika konkretuetan zein politika orokorretan.

23. Zaintza

Zaintza Ekosistema berri baten oinarriak finkatu ditugu parte-hartze prozesu aberasgarri baten bidez. Marraztuta dugu bideorria eta datozen urteetan eraldaketara bidean urratsak emango ditugu. Zaintza mendeko erronka garrantzitsuenen artean daukagu eta modu komunitarioan erantzun behar diogu.

24. Jarduera fisikoa eta kirola

Jarduera Fisikoa eta Kirola (JFK) eskubide gisa ulertzen ditugu, edozein pertsonaren garapen integralerako zein gizarte kohesiorako elementu. Jarduera fisiko eta kirolera herritar ororen sarbidea eta aukera berdintasuna bermatu behar dugu. Kalitatezko JFK da horretarako tresna nagusia; eremu eta maila guztietan: hezkuntza formala, eskola kirola,aisialdiko zein osasun ikuspegiko jarduera fisikoa, kirol ez federatua, kirol federatua eta errendimenduzko kirola. Gure identitatea eta ikurrak bultzatuz, euskara lehenetsiz, eredu propioa egituratuz, lehiaketa markoa definituz eta egituratuz eta herrialdeen arteko saretzea bultzatuz.

25. Herriak eta auzoakBizitza eta memoria

EHBilduk auzo guztien izaera eta bertan bizi diren herritarren bizi kalitatea bermatu eta hobetu nahi ditu. Horretarako, oinarrizko diren (eta udalaren eskumen ez diren) gasa eta telekomunikazioen lotura duinak eskatzea eta ahal den heinean soluzio komunitarioak bilatzea izango du helburu.


UDALA, HERRITARREN ETXEA


26. Gobernantza eredua

Herritarren boteretzea eta desboteretze instituzionala ditugu pixkanaka lortu beharreko helburuak. Partehartzeko eta herri-gobernantzarako kanalak, egituraketak eta baliabideak jarriko ditugu progresiboki. 

27. Udal baliabideak eta zerbitzuak

Udal ekipamendu eta baliabideak gure herriarentzako lehentasunezkoak dira. Ahalik eta ondoen zaindu eta garatzen joango gara gaitasun ekonomikoen arabera. Udal lokalen erabilera esklusiboak berraztertu behar dira erabilerak optimizatzeko eta erabilera komunitario eta autogestionatuak bultzatu.

28. Ogasuna

Gure helburu nagusia baliabideak bilatzea izango da, zerga bidez edota udalaz gaindiko erakundetako deialdietan parte hartuz, betiere, garaiko erronkei erantzuten lagunduko diguten gaietan: zaintza, ingurumenaren babesa, trantsizio energetikoa, herri bizigarria garatzea, lana, hezkuntza, landa garapena eta etxebizitza politika ez espekulatiboa.

Zergak erabakitzeko garaian, ekitatea, progresibitatea eta berdintasuna izango ditugu oinarri. Gardentasuna bermatuko dugu, herritarrek jakin behar baitute zertan eta nola gastatzen den dirua. Hori ezagutzera ematen den neurrian, iruzurra egiteko aitzakiak desagertzen dira. Gastu politikaren lehentasuna izango da zerbitzu publikoak bermatzea eta gastu soziala lehenestea.

29. Herriak eta auzoak

Ezinbestekotzat jotzen dugu herri eta auzoek ahots propioa izatea udal-jardunean, modu iraunkorrean. Udala eta auzoen arteko harremana tokiko ezaugarrien arabera egituratzeko mekanismoak finkatzea dugu helburu. Horrela, tokiko arazoak modu eraginkorrago eta bizkorrago batez erantzuteko gai izan nahi dugu. Modu iraunkorrean egituratzeak, erabakietan komunitateen parte-hartzea handitzea erdietsiko dugu, herritarrak herriari eta honen gobernantzari lotuago sentiarazteko.

%d bloggers like this: