Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Aurkezpena

90 neurri maite dugun herria elkarrekin egiteko

2023-2027 legegintzaldirako Herri Programa




Zazpi neurri herritarren bizitzak hobetzeko.

#laburrean

Pertsonen Beharrak erdigunean jarriko dituen zaintza publiko-komunitarioa martxan jartzera goaz

Bizpahiru urte eman ditugu gogoeta kolektibo betean, pertsonak erdigunean jarriko dituen bestelako zaintza eredu bat eta horren jira-biran ERAIKI beharreko zaintza ekosistema komunitario bat MARRAZTEN. Helburua argia da: elkar zaintzen duen herria izatea eta USURBILDARREI zahartzaro duina bermatzea, euren herrian bertan. Hauek izango dira proiektuaren ardatzak: i) pertsonen behar eta lehentasunetan oinarrituta “pertsona bat, zaintza plan bat” egokitutako ibilide osoak eta pertsonalizatuak marraztea izango du helburu, horretarako ekosistema koordinatu eta antolatuz; ii) zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna bermatuko dira; iii) sare bat garatuko da zainketa komunitarioen arloan; eta iv) “etxean bezala” bizitzeko ekipamendu aitzindariak bultzatuko dira.

Zubieta-Santueneako bidegorria

Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko herri prozesuaren barruan, Zubietan, “Guk Zubietan Zer?” goiburuko parte-hartze prozesu zabala burutu zen. Zubietaren etorkizunaz aritzerakoan, argi adierazi zuten mugikortasun aktiboa sustatzen duen herria eraiki nahi dutela, eta bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna oinarri dituen ereduaren aldeko hautua egin zuten, nabarmen. Horretarako, besteak beste, ezinbestekotzat jo zuten Zubieta eta Santuenea artean bidegorria egitea, garraio publiko, ibilgailu eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobetzeko. Proiektu estrategikoa da EHBilduren irudiko ere, mugikortasun aktiboa sustatzeaz gainera, oinezkoen segurtasuna bermatzen duelako. Datorren legealdian bidegorri hori gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta modu horretan zubietarren eskari historiko bati bide emango diogu.

Etxealdian igogailua

Usurbilgo herri eta auzoek nortasun, ezaugarri, behar eta errealitate propioak dituzte eta horietan arreta berezia jartzen ari gara, auzoetako bizi kalitatea eta herritarren ongizatea hobetzeko asmoz, tokian tokiko komunitatearekin elkarlanean. Datorren urteetan bide beretik jarraituko dugu, elkarrekin adostutako egitasmoetan aurrera urratsak egiten.

Hona adibide batzuk:

ETXEALDIA

Irisgarritasun Plana osatu dugu bertako bizilagunekin. Planean aurreikusitako bi proiektu 2023an bertan gauzatuko dira: batetik, San Esteban Kalea berrurbanizatuko da, oinezkoek lehentasuna izan dezaten; bestetik, egun haur parkea dagoen tokian, aparkalekuak egingo dira, eta inguruan, auzotarrentzat berdegune eta espazio atseginagoak egokituko dira. Horretaz gain, Etxealdia eta kale Nagusia lotuko dituen igogailua eraikitzeko behar diren urratsak egingo dira datorren legealdian.

AGINAGA

Udala eta “Aginaga Biziberritzen” sustapen taldearen artean mahai iraunkorra osatzeko proposamena geure egiten dugu, honako gai hauek lantzeko, besteak beste: herri kooperatiba, gutxieneko zerbitzuak, auzo udala eta eskola txikia. Horretaz gain, Aginagako saneamendua bereizteko proiektua gauzatzen hasiko gara, Oria ibaiko ur zikinen isuriekin behingoz amaitzeko.

KALEZAR

Herrigunean oinezkoek lehentasuna izango duten eta ibilgailuen joan-etorriak arautuko dituen proiektua gauzatuko dugu, auzotarrekin batera osatuko dena.

SANTUENEA

auzoa modu integralean eraberritu nahi duen asmo handiko plana osatu da parte-hartze prozesu zabalean; auzotik eta auzoarentzat egindako plana da, eta auzoak eta udalak partekatzen duten agenda zehazten du. Udalarentzat lan-tresna izango da hurrengo legealdirako, eta proiektu batzuk martxan jarriko ditugu, besteak beste, presazkoa den auzoaren irisgarritasuna, auzoko sarrera eta aparkalekuak berrantolatuko dira, beheko errepidea oinezkoentzat jarriko da eta frontoi ondoko udal lokala ekipatuko da. Hori guztia sortu berri den koordinazio mahaiarekin elkarlanean.

Kultura eta gazteak ardatz

Aztarrika gazte asanbladak, Usurbilgo Kulturguneak eta Ziortza Gazte Elkarteak hausnarketa bateratua egin dute hilabeteotan, eta herriko gazte eta kultur eragileentzako eremu bat sortzeko beharra plazaratu dute. Aztarrika aspalditik ari da gaztetxe bat aldarrikatzen, eta Kulturguneak herriko kultur sortzaile eta eragileekin egindako hausnarketa prozesuan nabarmen identifikatu zuten zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko eta sorkuntzarako espazio baten beharra eta nahia. Gainera, gaztetxoen astialdi jarduerak garatzeko ere espazio aproposa litzatekeela uste dute. Behar horiek uztartu eta proiektu bakar baten pean eraikitzeko proposamena luzatu dute, eta udalarekin elkarlanean garatu nahi dute. EH Bildutik bat egiten dugu proposamenarekin, eta konpromisoa hartzen dugu hurrengo legealdian proiektua gauzatzen hasteko.

Gobernantza kooperatiboa

XXI. mendeko gizarteak dituen erronka konplexuei tokikotik eta bokazio eraldatzailearekin erantzuteko, ezinbestekoa da udalak barrutik ere eraldatzea. Premiazkoa da departamenduzko udal egitura, funtzionamendu eta ikuspegi zurruna gaindituko duen eta udal politikak zeharlerrotasunez eta norabide estrategikoz lantzea ahalbidetuko duen udal egituraketa diseinatzea eta sortzea. Horretan aritu gara urte honetan, eta garai berrietara egokituko den udal antolaketa berria datorren legealdian jarriko dugu martxan. Horrekin batera, lankidetzazko gobernantza eredu berri bat gorpuzteko asmoa dugu ere: esku artean ditugun erronka sozial konplexuek inoiz baino gehiago eskatzen dute eraldaketa prozesuak herritarrekin batera pentsatzea eta etorkizuna komunitatean eraiki ahal izateko erabakitzeko gaitasuna banatzea. Horixe da esku artean dugun beste erronka, zurekin batera egituratu nahi duguna.

Etxe hutsak, alokairua

Etxebizitza duin eta egokia izatea bizitza proiektu baterako ezinbesteko baldintza da. Eskubide gisa ulertzen dugu etxebizitza, eta, bere funtzio soziala bete dezan, ezin da egon merkatuaren apeten menpe. Eskubidea bermatzeko, orain arteko etxebizitza politika aldatzea ezinbestekoa da, eta baliabide publikoak zein pribatuak alokairu eskaintza egoki, lorgarri eta arrazoizko prezioan izatera bideratu beharko lirateke. Udalok etxebizitzen alorrean ditugun eskumenak eta baliabideak oso urriak izan arren, alokairua sustatzeko hainbat neurri hartuko ditugu: hutsik dauden etxebizitzen gaineko diagnostikoa egin eta horiek merkaturatzeko ekintza plana osatu eta martxan jarriko dugu. Egun, Usurbilen 105 etxe huts inguru daude: OHZ udal zergari gainkostua ezartzen zaien etxe kopurua da, hots, etxebizitza guztien %4 inguru.

Astialdi eta jolasguneen plana

Gizartea aldatzen doan heinean, haur eta nerabeen jolaserako ohiturak ere aldatzen doaz, eta gaur egun jolasa eta aisia ez dira garai batean bezala egiten, ez eta etorkizunean egingo diren bezala. Jakin badakigu jolasa oso garrantzitsua dela haurtzaroan eta nerabezaroan, besteak beste: jolasak eta jarduera fisikoak ongizate eta osasun fisikoa eta mentala hobetzen dutelako; jolasaren inguruan bizitza komunitarioa aberasten delako; eta kalitatezko jolas-inguruneek eremu publikoa naturalizatu, baketu eta seguruago bihurtzen dutelako. Horregatik, garrantzitsua da herriko jolasguneak haurren ohitura eta gogo berrietara egokitzea, eta jolasaren inguruko ezagutzaren eta hausnarketen bidetik, ohiko jolasguneetatik haratago doazen proposamenak ere egitea. Horixe da hain zuzen Jolasguneen Planaren xedea, eta herriko haur eta nerabeekin batera osatuko dugu, parte-hartze prozesu baten bidez.