Euskararen eta kulturaren alorretako gure asmoak azaldu dizkiegu herritarrei

Atzo arratsaldean euskaraz eta kulturaz jardun genuen herritarrekin. Arlo hauetan datorren legealdirako ditugun asmoak azaldu genizkien, eta beraien iruzkinak ere gure koadernoan jaso genituen.

EHBilduk euskara du herri egiten gaituen nortasun-ikur garrantzitsuenetakotzat, eta, horrenbestez, usurbildar eleanitzez eta euskaraz biziko den herria nahi dugu.

2020. urteko udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta beraz, Euskaraldiaren legealdia izango da, nagusiki, datorren hau ere. Bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatza ematea eta konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko du Euskaraldiak. Hala, testuinguru horretan honako ekimenak sustatuko ditugu:

  1. Alor sozioekonomikoaren euskalduntzea lehentasun izanik, plangintza estrategikoa garatuko dugu.
  2. Belarriprest eta ahobizi rolak gogoan, elebidun hartzaileekin komunikazioa errazteko baliabideak eta prestakuntza eskaini nahiko genuke, Euskaraldiaren batzordearekin elkarlanean. Izan ere, Euskaraldiak erakutsi digu, besteak beste, euskara ulertzea nahikoa dela euskarazko elkarrizketak izateko, gaztelaniara jo beharrik izan gabe.

Baditugu bestelako kezka batzuk ere:

  • Udalaren kanpo komunikazioari lotuta, euskara hizkuntza lehenetsia izanda eta komunikazioaren erdigunean jarrita, nola iritsi beste hiztun komunitateengana? Galdera horri erantzuteko proiektua garatu, lanketa teorikotik hasi eta ezarpen praktikoraino.
  • Halaber, beharreko ikusten dugu hizkuntza erabileraren protokolo moduko bat definitzea. Zein egoeratan nola egingo den argitu, ondo zehaztu eta baliabideak jarri. UEMAren irizpideak herriko egoera zehatzetara ekarri.
  • Kirolaren esparruan nabarmena izan ohi da erdararekiko joera eta, seguruena, behar beste landu gabeko gunea da. Horregatik, euskararen erabilera aztertu eta horren araberako plangintza, programa, formazioa edota neurriak hartu nahiko genituzke, kirol eragileekin elkarlanean.

Kulturari dagokionean, EHBilduren helburua kultura bizia eta herritarra da, herritik sortua, herriarentzat eta munduarentzat gozagarri. Beraz, herritarren autoeraketa eta ahalduntzea bilatuko duen kultur ereduaren alde egiten dugu.

Ildo horretatik, herritik sortzen dena babestea, zaintzea eta sustatzea dagokio Udalari. Horretarako tresna gure dirulaguntza politika da, besteak beste. Zentzu horretan esan behar da, Udalak 172.000 euro banatzen duela dirulaguntzetan, eta horietatik erdia kulturara bideratzen dela (80.000 euro). 25 taldek egin dituzte eskaerak, eta 87 ekintza proposatu. Aurten ere ekimen eta proiektu ugari aurkeztu dira, eta, hori nabarmentzekoa eta azpimarratzekoa da. Usurbil herri bizia eta dinamikoa den seinale. Edonola ere, kopurua handia izanagatik ere, iaztik edo aurreko urteetatik berritasun gutxi suma daiteke.

Testuinguru horretan, honako proposamen hauek jaso ditugu herri-programan:

  • Herri eragileek egiten duten lana Udaletik babesten eta indartzen jarraitzea. Kulturako diru-laguntzen deialdiak hamabi urteko ibilaldia egin du. Ibilbide horretan ikusi da urte hauetan talde eta ekintza kopuruari eutsi egin zaiola. Usurbil herri aberatsa den seinale.
  • Hala ere, dirulaguntzen ildoak berraztertzeko garaia heldu dela uste dugu. Duela bi urte egin zuen Elhuyarrek “Zirrara: diru-laguntza publikoen inpaktua” neurtzeko ikerketa, eta ikerketa horrek utzitako ondorioen araberako aldaketak egin nahiko genituzke, hau da, herrian gero eta sortzaile gehiago ditugu, eta sortzaileen lana diruz laguntzeko bideari heldu nahi dio Udalak.
  • Horretaz gain, herriko ondarea ezagutarazi eta jasotzeko proiektuak (argitalpenak, ikus-entzunezkoak…) sustatzen eta finantzatzen jarraituko dugu. Esaterako, Ondarearen Eguna sortzea proposatzen du gure programak.
  • Herri-programaren lanketan beste proposamen interesgarri bat ere jaso genuen, eta halaxe jaso dugu: Wikipedia komunitatea sortzea, herriko ondarea, balioak… bilduko lukeen Usurbilgo entziklopedia askea modu kolaboratiboan osatzeko.
  • Udal-lokalen erabilera arautzeko ordenantza bat osatzea: zenbat lokal/eraikin ditu udalak? Ze behar ditu herriak? Zer nolako eskaintza eta erabilera dago? Orekak bermatu… Zertarako erabil daitezke lokalak? Ordaindu behar da? Bai/ez…? Inguruko herrietako ordenantzak ezagutu eta gurera ekarriko dugu.

Azken proposamen horrek kultura-esparrua gainditzen du, baina ideia hori daukagula aurreratu nahi dizuegu, azken batean, ordenantza hori herritar eta herriko eragileekin batera osatu beharko dugulako. Bidea elkarrekin egin nahi baitugu, zuekin.

Hezkuntza eragileekin bilera

Usurbil herri hezitzaile bihurtzeko proposamena luzatu diogu hezkuntzako komunitateari

Atzo arratsaldean ekin genion gure herri-programa aurkezteko eragileekin antolatu ditugun bilera-errondari. Hezkuntzako eragileekin solasaldi atsegina izan genuen, eta mahai-gaineratu genizkien proposamen eta gogoetak begi onez ikusi zituzten. EHBilduren irudiko, hezkuntza eta heziketa, guztion ardura dira, herri baten ardura da bere herritarrak heztea. Horregatik diogu, hezkuntza herritik sortzen dela eta ez dela herririk, hezkuntzarik gabe. Erronka horrek izan behar du gure jo-muga eta herrian ditugun, arazo zein aukerei, komunitate bezala erantzutea izango da gure helburua. Elkarrekin, bidea errazagoa izango baita.

Filosofia hori aintzat hartuta, gure programan honako puntu hauek jaso ditugu:

1)Hezkuntza Mahaian egindako lanketa berreskuratu eta mahaia berriro aktibatzea, nagusiki, komunitate kontzeptua lantzeko eta, behar komunetatik abiatuta, lanketa konkretuak bideratzeko, hala nola eskolaz kanpoko ekintzak, eskolara joateko bide seguruak, garraioa, aniztasuna eta inklusioa.

2) Ikastolaren izaera publikoan sakontzea

3) Bertako haurrak, bertan eskolatzea: Herri bezala, badugu gabezi bat eta berau, bertako ume asko beste herri batzuetan eskolatzen direla da. Horrek, komunitate izaera ahultzen digu. Neurri hau, bultzatuko dugun aniztasun eta inklusibitateari erantzuteko planaren baitan kokatzen da.

4) Kirol Mahaia osatzea. Elkarte eta eragile ezberdinei proposatuko zaie, bilgune berri honen aktibazioa eta bertan, gai ezberdinen artean, kirolaren ikuspegi hezitzailea lantzea izango da asmoa. Horretaz gain, parekidetasunaren gaia ere jorratu nahi dugu.

Hasieran adierazitako moduan, neurri hauekin, komunitate osoa hezkuntzako parte aktibo bihurtzen saiatuko gara. Eguneko edozein momentu eta edozein egoera, ikasteko aukera paregabe bat izan daitekeelako, bihur gaitezen Herri Hezitzaile bat.

Herri-programa aurkezteko bilera irekiak

Datorren legegintzaldirako lantaldea prest dugu, baita herri-programa ere. Horregatik, elkar ezagutzeko eta programa aurkezteko bilera irekiak deitu ditugu maiatzaren 2tik 18ra bitartean.

Aurrez aurre aurkeztu nahi dizkizuegu programako proiektu nagusiak. Izan ere, ez da programa itxi bat eta ekarpenetarako irekia dago. Zuen ekarpenak jaso nahi ditugu, datozen lau urteotako bidea zurekin eta herriko eragileekin egin nahi baitugu, elkarlanean.

Zurekin bidea egiten, #ElkarrekinBurujabe!

Lan taldea

Lan taldearen partaide gehiago aurkezten ditugu. Luken Arkarazo, Oxkar Santamaria, Itziar Basterrika eta Ainhoa Arrozpide. Zein baino zein gaitasun haindiagoko pertsonak ditugu. Ilusio ez zaigu falta!

Lan taldea

Gure hautagaiak aurkezten jarraitzen dugu. Talde prestua osatu dugu, gaitasun handikoa, egungo gobernu-taldeari lekukoa hartzeko. Honako bideoan Beñat Larrañaga, Lur Etxeberria, Joxe Mari Iribar eta Aroa Etxeburua aurkezten ditugu.

Alkategaia

Gure herriko hautagaiak ezagutu nahi? Primerako lan taldea osatu dugu, herri hau kudeatzen jarraitzeko. Prest ditugu aurkezpen bideoak. Hemen Agurtzane Solabarrieta aurkezten dizuegu.

Web orriaren jaiotza

Mila esker gurekin bat egiteagatik!

Blog honetan Usurbilgo EH Bilduren berri izango duzu. Batzarrak, berriak, herri programa, argazki, bideo…

Denetarik joango gara jartzen. Eta nola ez, gurekin harremanetan jartzeko ere baliagarri izango da gune hau.

52974576_2147495155342485_7653542038259892224_o