Datorren astean herri/auzo bira!

Bertatik egiten dizkiguzuen proposamenak aditzeko prest gaude!

Gure herri-programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko gogoz joango gara.

Hitzordu guztiak 19:00tan izango dira herri/auzoetako plazetan, kalea har dezagun.

Animatu!

Hemen hitzorduak:

  • Maiatzak 20, astelehena: Txokoalde.
  • Maiatzak 21, asteartea: Kalezar eta Santuenea.
  • Maiatzak 22, asteazkena: Zubieta.
  • Maiatzak 23, osteguna: Aginaga.

#ElkarrekinBurujabe #ZurekinUsurbilGara #Usurbil

Merkataritza txikiaren alde egingo dugu lan

Gaur Belartzan izan dira Juan Karlos Izagirre ahaldungai nagusia, Marian Beitialarrangoitia batzar nagusietarako hautagaia eta Reyes Carrere Donostiako alkategaia, beste hainbat alkategairekin. Azalera handiko merkatalguneez EHBilduk duen posizioa azaldu dute.

  • Juan Karlos Izagirre: “Azalera handiko merkatalguneek kalte egiten diote tokiko merkataritzari. Lan baldintzak prekarizatu, eta herri eta auzoetako bizitza kaltetzen dute. Guk merkataritza txikiaren aldeko ekimenak sustatzen jarraituko dugu instituzioetan".
  • Reyes Carrere: "Donostiak ekonomia dibertsifikatua behar du, beraz, ekonomia sektore guztiak modu orekatuan bultzatu behar dira. Baita merkataritza txikia ere, auzo biziak izateko funtsezkoa delako”.

Agurtzane Solaberrieta gure alkategaia ere bertan izan da azalera handiko merkatalguneekiko Donostiaren azken urteetako apustua salatzen: “Merkataritzagune handiak handitzeko proiektuei moratoria aplikatzea eskatu dugu, eta herriko merkaritza sustatzeko neurriak proposatu, herri biziak nahi eta behar ditugulako.”

Merkataritza txikiaren alde egingo dugu Usubilgo Udalean ere!

#ZurekinUsurbilGara #ElkarrekinBurujabe

Larunbatean On/In jaialdia Artzabalgo berdegunean!

EHBilduren komunitatea elkartu nahi dugu jaialdian. Komunitate bizia eta anitza dugu, eta guztiekin gure hautagaitza babestu nahi dugu datorren legealdiko erronkaren aurrean. Hona hemen hitzordua:

  • Maiatzak 18, larunbata
  • 18:00-20:00 bitartean
  • Artzabalgo berdegunean
  • Herriko sortzaileen emanaldiak, umeentzako txokoak eta jolasak, pintxoak eta edatekoak, hautagaien zinta jokoa eta bestelako sorpresak!

Batu zu ere jaialdira!

#ZurekinUsurbilGara #ElkarrekinBurujabe

Parekidetasuna helburutzat eta zeharlerrotzat du EHBilduk

Atzo feminismoaz solasaldi interesgarria izan genuen Sutegin. Gustura aritu ginen eskuartean ditugun erronkez hitz eta pitz. Emakumeak libre, beldur barik eta aukera-berdintasuna bermatuko duen herria izan nahi dugu. Zero tolerantzia indarkeria sexistaren aurrean!

Parekidetasuna helburu ez ezik, zeharlerrotzat du EHBilduk, izan ere, ikuspegi feministak udal-politika oro blaitu behar du, izan hirigintza arloa, izan garapen sozioekonomikoa, izan gizarte zerbitzuak. Norabide horretan, beraz, urratsak egiten jarraitu nahi dugu datorren legealdian. Hona hemen gure proposamenak parekidetasunaren alorrean:

  1. III Berdintasun Plana (2021-2025) egin
  2. Emakumeen Etxea sortuko dugu
  3. Enpresei langile kopuru zehatz batetik aurrera, Parekidetasun Planak izatea eta aplikatzea eskatuko diegu esleipen-klausuletan
  4. Formazioa. Berdintasun arloan talde politikoen formakuntza sustatu eta udaleko langileei zeharkakotasunean formakuntza bermatzen jarraitu. Langile berriek sarrerako formakuntza behar dute.
  5. Jaiak berdintasun ikuspuntutik aztertu eta eredu berri bat landu.
  6. Kirol arloaren azterketa sakona: elkarteak, kirol eremuak, ekintzak, hezkuntza arloan, aisialdian…
  7. Hezkidetza. Usurbil Tratu Onen herria izateko lanean jarraituko dugu.

#ElkarrekinBurujabe #Usurbil

Kirolari dagozkion EHBilduren proposamenak

Kirolaz aritu ginen asteazkenean herriko hainbat kirol taldeetako kideekin. Herri-programan jasota ditugun proposamenak aurkezteaz gain, solasaldi polita izan genuen. Ziur gaude elkarlanean ariko garela datozen lau urteetan.

EHBilduren irudiko, kirola ez da gorputz ariketa soila. Kirola heziketa ere bada, aniztasuna da, euskara da, parekidetasuna da. Hau da, kirola tresna bikaina ere bada gure herrirako nahi ditugun balioen lanketa egiteko. Horregatik, kirol elkarteei bide hau jorratzen jarraitzeko eskua luzatu nahi diegu.

Bide horretan, hiru proposamen jasotzen ditu gure herri-programak:

  1. Herriko kirol talde guztiak klub bakarrean biltzeko ahalegina egin, euren arteko harremana eta koordinazioa hobetzeko.
  2. Kirol mahai bat sortzea, kirolaren gainean hausnartzeko.
  3. Kiroldegiko kanpoaldean dagoen berdegunea egokitu, udaran beste erabilpen bat emateko helburuz.

#ElkarrekinBurujabe #Usurbil

Jubilatuekin gizarte-zerbitzuez aritu gara

Jubilatuekin bildu gara gaur goizean, gure herri-programako gizarte zerbitzuei dagozkien proposamenak aurkezteko. Horrez gain, beren ekarpenak ere jaso nahi izan ditugu legealdi honetan elkarrekin egin nahi baitugu bidea.

EHBilduk zahartzaroari beste begirada batekin egiten dio so. Gure jendartea zahartzen ari da, eta gero eta gehiago izango gara. Ondorioz, gure herri-bizitzan, espazio publikoan, presentzia handia hartu beharko lukete adineko pertsonek, eta asmatu behar dugu zahartzaroaren ezaugarriei tokia egiten, herri gisa egokitzen, zerbitzu eta azpiegitura egokiak sortzen, eta baita zahartzaroaren dohainak gure egiten ere. Horri begirako planteamendu integrala osatzen jardun dugu Usurbilgo Udalean, hau da, menpekotasunik ez dutenentzat zein menpekotasun maila ezberdinak dituztenentzat osatu ditugu zerbitzuak: Santuenea, Aginaga eta Artzabalgo jubilatu-etxeak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, Puntapax eguneko zentroa, Eguneko Arreta (menpekotasun maila txikia duten adinekoentzat), ibilbide osasuntsuak, Sendian programa (pertsona ezinduak zaintzen dituzten zaintzaileentzat) eta Esperientzia-eskola.

Datorren legealdiari begira, bi proiektu garrantzitsu ditugu eskuartean:

  1. Matia Fundazioak, Udalarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, auzune bat eraikiko du Kalezarren, non asistentzia beharra dutenek ingurune goxo eta zaindua izango duten, Europako esperientzia berritzaileen moldeak gurera ekarriz.
  2. Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua. Gazteen eta zaharren arteko lankidetzan osatu da proiektua, eta Ugartondoko urbanizazio berrian Udalak eskuratuko duen eraikin publikoan gauzatuko da.

Bi proiektu horiez gain, irailean MUGIMET izeneko egitasmoa sustatuko dugu, herri osasuntsua helburu eta bizimodu sedentarioari aurre egiteko programa hain zuzen ere. Era berean, pentsio duinen aldeko aldarrikapenarekin konprometituta gaude.

Posta bidezko bozka. Nola egin?

📩 Maiatzaren 26ko Udal, Batzar Nagusietako eta Europako hauteskundeetarako posta bidez bozkatuko duzu?

Dagoeneko eskaera egin dezakezu Correos-eko bulego batean! Irudian dituzu jarraibideak.

Zalantzarik baduzu:
📧 Idatzi ehbildusurbil@gmail.com helbidera

Usurbil herri jasangarrian sakontzeko hainbat neurri proposatu ditugu

Atzo arratsaldean ingurumena eta mugikortasuna izan genituen hizpide herritarrekin. Euskara, kultura, aniztasuna, parekidetasuna, askatasuna, hezkuntza eta bizikidetza gisako balioak ardatz harturik, herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria eraiki nahi dugu; herritarrek erdigunean jarriko dituena, ingurumenaren eta nekazaritzaren zaintza lehenetsiko duena, zero zabor norabidean errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa lehenetsiko duena, herri-ondarearen zaintza eta baliabide propioen aldeko apustua egiten duena, mugikortasun jasangarria lehenetsiko duena.

Ingurumenaren zaintza bermatu eta ingurumenarekin harmonian jardungo duen hiri-antolamendua lehenesten dugu. Norabide horretan, beharrezkoa ikusten dugu Ingurumen batzordea osatzea, udalaren eta herri-eragileen artean. Besteak beste, energiaren sorkuntza, banaketa eta kontsumo zikloak maila lokalean itxi ahal izatera iritsi nahi dugu; kutsaduraren (airea, ura, zarata…) gaineko azterketak bideratu nahi ditugu horien murrizketarako neurriak hartzeko; natur guneak babestu nahi ditugu; eta bikaintasuna nahi dugu hondakinen kudeaketarako ziklo osoan.

Mugikortasun jasangarria bultzatuko dugu honako hurrenkeran: oinezkoak, motorrik gabeko ibilgailuak (bizikletak, gurpildun-aulkiak, patinak…), garraio publikoa (tren, autobusak…), ibilgailu motordun partikularrak (kotxeak eta motoak, batez ere). Horrekin batera, gure kaleak egokiak eta seguruak izan daitezen, irisgarritasun-eta genero-ikuspegia hartzen dira aintzat. Herritarrekin osatutako mugikortasun-planean 50 ekintzatik gora jaso ziren, eta legealdi honetan horietako gehienei bide ematen saiatuko gara. Lehentasunen artean, besteak beste, puntu beltzei soluzio duina eman nahi diegu (Troiako pasagunea, Agiñako N-634 errepidearen izaera, Txokoaldeko sarrera, Ingemarreko pasabidea).

Asko dira gure programan jasotzen diren puntuak. Horien berri izateko, joan blog honetako “Herri programa sakonean” ataleko “Herri jasangarria” azpi-atalera.

#ElkarrekinBurujabe #Usurbil

EHBilduko Beterri-Buruntza eskualdeko alkategaiek herritarren bizi-kalitatea elkarrekin hobetu nahi dugu, garapen agentziaren bidez

Gaur EHBilduko Beterri-Buruntza eskualdeko alkategaiak gure eskualdeko herritarren bizi-kalitatea elkarrekin hobetzeko konpromisoa hartu dugu, eta norabide horretan ezinbestekotzat dugu garapen agentzia eratzea.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde bakarra gara batzen gaituen egitura juridiko-administratiborik ez duguna. Legealdi honetan, behingoz lehenengo pausuak eman ditugu mankomunitatea osatzeko, pleno guztien onarpenarekin. Datorren legealdian gure mankomunitatea errealitate bat izango da.

Gipuzkoa orekatu baten alde egiten dugu. Zentzu honetan eskualdeko herrien artean elkarlana eta berezko egitura administratiboa izateak aukera ezinhobea emango digu zerbitzu berdintasuna bultzatzeko, ez baitugu sinisten hiriburuan soilik pibotatzen duen Gipuzkoa batean. Gipuzkoar guztiak 1. mailako herritar izango diren Gipuzkoa borrokatuko dugu.

Mankomunitateak gure eskualdeko herritar guztien beharrei berdin erantzungo dien baliabideak eskainiko dizkigu. Gure sei herrietako biztanleak maila bereko herritarrak izatea dugu helburu, beraien beharrei modu berean erantzuteko; herritarrak dira gure politiken erdigune.

Pertsonak gure politiken ardatz; herritarren beharrei erantzungo dieten politikak bitarteko, gure helburua gure herritarren bizi-kalitatea hobetzea da. Hori da gure garapen eredua; garapen ekonomikoa, soziala, komunitarioa eta pertsonala batuko dituen eredua. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrok hobeto bizi gaitezen.