Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Parekidetasuna, zehar-lerro

Berdintasunerako II. plana gure iparrorratza da, eta handik eratorritako ildoak ditugu abian, hala nola indarkeria sexistari erantzuteko protokoloa, ahalduntze-ikastaroak, autodefenta feminismta eta hezkidetza programak.

Parekidetasuna abiapuntu eta helmuga da EHBildurentzat, eta, ondorioz, gure jarduna blaitzen duen irizpide nagusietako bat da. Zehar-lerroa. Hain zuzen, halaxe dago jasota 2017. urtean osatu zen Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Planean. Plan hori berdintasunaren arloan gure iparrorratza da. Finean, planaren helburua da herritarren bizi-baldintzak hobetzea, besteak beste, generoen arteko desberdintasunak gutxitu eta berdintasunezko gizarte baterantz pausoak emateko.

Plana diseinatzeko, prozesu parte hartzeko prozesua jarri zen martxan eta, guztira, 68 lagunek (55 emakume eta 13 gizon) hartu zuten parte. Planaren lan-ardatzak honako hauek dira: berdintasunaren aldeko gobernantza; emakumeen boteretzea eta balio-aldaketa; herri zaintzailea eta hezitzailea; eta, indarkeria matxistarik gabeko herria. Hala, plan horretatik eratorri diren honako lan-lerro hauetan ari gara:

– Indarkeria sexistari aurre egiteko udal-protokoloa:

Usurbil izan da inguruko herrietatik lehenengoa mota honetako protokolo bat sinatzen. 2016an onartu zen, Berdintasunerako Igo Planean jasotakoari jarraiki. Protokolo horren helburua da indarkeria kasuetarako ematen den erantzuna, arreta eta jarraipena koordinatzea erakundeen artean, betiere, emakumearen nahia kontuan hartuta. Zoritxarrez, urte honetan aktibatu behar izan dugu, baina, halaber, esan behar dugu honi esker emandako
arreta egokia izan dela.

– Udal-langileek jasotako formazioa:

Gobernantzaren atalean, udal-politiketan genero-ikuspegia txertatzea jasotzen da helburu gisa. Hala, helburu horri erantzuteko, Udalak formazio-plana garatzea erabaki zuen, eta 2017 eta 2018 urteetan garatu da, nagusiki. Oraindik ere, hainbat saiotan parte hartzen jarraitzen dute langileek, hala nola lan-prozeduretan genero-ikuspegia nola txertatu aztertzen.

– Ahalduntze-ikastaroak:

Emakumeok prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko dugun gune bat da, emakumeen autonomia eta boteretze-prozesuak sustatzeko. Izan ere, ahalduntzeak “botere eskuraketa” esan nahi du; hau da, emakumeek euren posizio politiko, ekonomiko eta soziala indartzea. Arlo honetan lan handia egin da udaletik: hiruhilero eskaini dira ikastaroak. Besteak beste, Pepa Bojo psikologak eskaintzen dituenak (Emozioak, Komunikazioa, Mindfulness, Dolua,…); Zubietako Lanbide Eskolarekin batera antolatutako Iturgintza eta Elektrizitate ikastaroa; Biodantza; Joskuntza (gaur egungo moda eredua aztertzeko); Emakumeak eta umorea; Bizikleta konponketa; Feminismoaren historia; zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa… Autodefentsa feminista ikastaroa ere eskaini da behin baino gehiahotan, eta azkenengoan, 60 gaztek eman zuten izena.

– Hezkidetza programa:

Programa horren helburua tratu onak, parekidetasuna eta sexuen aniztasuna sustatzea da. Usurbilgo ikastetxe guztietako ikasle, irakasle eta gurasoekin aritzen dira Harremanitz kooperatibako kideak HarremOnak izeneko programan. Prebentzioa da indarkeria sexistari eraginkorki aurre egiteko bidea, eta, ondorioz, gazteekin horixe da lantzen dena. Denon arteko harreman onak bultzatu nahi dira programa hauekin. Orain arte, batez ere, Oinarrizko Lanbide Heziketan eta Udarregi Ikastolan aritu badira ere, aurten, eskola txikietara eta Lanbide Eskolara zabaldu da, eta aisialdi- eta kirol-elkarteekin ere saio bereziak egiten ari dira.

%d bloggers like this: