ETAren amaierak aro politiko berria eragin du Euskal Herrian, eta aldi honetan, ezinbestean, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika aldatu behar da. Olatz Lasagabastere eta Patxi Uranga preso usurbildarrak, esaterako, kalean behar lukete, zigorraren 3/4a beteta dutelako.

Egoera politiko orokorrari erreparatuta, gauza asko gertatu dira legealdi honetan, zein baino zein interesgarriago. Dudarik gabe, ETAren amaierak aro politiko berria zabaldu du Euskal Herrian. Erabaki historiko horrek aukera berriak eragin ditu elkarbizitza demokratikoan sakontzeko eta herri gisa urrats erabakigarriak egiteko. Berriki, Donostiako kaleetan ikusi ahal izan dugun lez, euskal gizartearen gehiengoak euskal presoen auziari heltzeko eta espetxe-politika aldatzeko eskatzen jarraitzen du. Haatik, urrats esanguratsurik eman gabe jarraitzen du Espainiako Gobernuak. Frantziako Gobernuak, bere aldetik, hainbat preso gerturatu ditu.
Egun, 280 preso daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan, gehiengehienak beren etxeetatik urrun. Zigor bikoitza ezartzen zaie, beraz, oraindik ere, euskal presoei eta haien senitartekoei, giza eskubideen eta nazioarteko araudien aurkako eraso larria gauzatuz. EH Bilduk uste du jarrera hori onartezina dela, eta euskal gizartearen gehiengoak kalean eta instituzioetan behin eta berriro erakutsi duen borondatea errespetatzeko deia egiten dio Espainiako Gobernuari. Zentzu horretan, gogora ekarri nahi dugu indarrean dagoen legedia beteta, euskal presoen erdiak baino gehiagok kalean beharko zutela dagoeneko, zigorraren 3/4ak beteak dituztelako, adinagatik edota gaixotasun larriak dituztelako. Euren legea beteko balute, hortaz, aurrerapauso esanguratsuak gertatuko lirateke.
Hain zuzen, egoera horretan daude Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso usurbildarrak. Zigorraren 3/4 beteta dute, eta, kalean behar lukete. Haatik, Valentziako Picassenteko espetxean jarraitzen dute Xuarekin, euren urtebeteko alabarekin, Usurbildik 700 kilometrora. Ezin dugu ahaztu, gainera, iazko urte hasieran Mari Karmen Anzak, Olatzen amak, izandako gaixoaldi luzea, egoeraren gogortasunak eraginda. EHBilduk lanean jarraituko du euskal presoak etxeratu arte.
Kataluniarekin bat, gure bidea eginez

EHBilduren irudiko, Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bezalaxe, bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa dute, herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutenaren arabera. Horregatik, Gure Esku Dagok sustatu dituen herrigaldeketak eta bestelako ekimenak bultzatu ditugu, eta, nola ez, babesa adierazi izan diogu Kataluniako prozesuari eta independentziarako bidea bultzatzeagatik Espainiako Gobernuaren errepresioa jasaten ari diren politikari independentistei, eta, oro har, Kataluniako herri osoari. Horregatik, Estatu espainolari eskatzen diogu oinarrizko askatasunen aurkako estrategia errepresiboa bertan behera uzteko, bai Euskal Herrian, bai Katalunian, eta herrion erabakitzeko eskubidea aintzat hartzeko.