Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Herri jasangarria

Etorkizuneko Usurbil, marrazten

Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean jasotzen da datozen 10-15 urterako dgun ikuskera: hirigintza jasangarria bultzatzea, espazioen berrerabilpena hobestea, genero ikuspegiaren lanketa eta euskara bermatzea antolamendu berrian.

Aurrekoek abiatutako zereginarekin jarraituz, legealdi honetan Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) idaztea egokitu da. Plan orokorrak etorkizuneko Usurbilek izango dituen ezaugarriak zedarritzen ditu, hau da, HAPOak hirigintzako teknika egokien bitartez, udalerrian lurzoruaren erabilerak eta eraikigarritasunak, eta gauzatu daitezkeen erabilera eta jarduerak zehazten ditu, besteak beste. Natura babesteko eremuei, industriaguneei, etxebizitzei, mugikortasunari, jarduera ekonomiko eta sozialei, ekipamenduei eta ondare historiko eta kulturalei dagokionean, beharrezkoak diren neurriak zehazten ditu. Ondorioz, zuzeneko eragina du udalerriaren eraldaketan, garapen ekonomikoan, eta, ondorioz, baita herritarren bizimoduan ere. Prozesu hori ahalik eta aberasgarriena izan dadin, Oraina da geroa parte-hartze prozesua egin zen, plan orokorrean herritarren ekarpenak jasotzeko helburuz. Hala, hauek dira HAPOak, gaur-gaurkoz, jasotzen dituen helburu eta irizpide nagusiak:

Hirigintza jasangarriaren edo ekologikoaren printzipioak barneratzea.

Jasangarritasunak leku eta egoera bakoitzeko baldintzei egokitutako irtenbideak bilatu behar ditu, izan ere, ezin dira leku guztietan esku hartzeko era estandarrak aplikatu. Jasangarritasunak ez du inoiz uniformetasuna ekartzen; kontrara, herrien nortasuna errespetatzen du. Hala, honako irizpideak hartzen ditu aintzat Usurbilen lantzen ari den HAPOak;

– Balio ekologiko eta natural gehien duten eremuak babestea.

– Lurzoruaren gehiegizko okupazioa saihestea, eta, beraz, eraikita eta zahartuta dauden eremuak berrerabiltzea eta birgaitzea.

– Erabilera nahasketa lortzea.

– Ekipamenduak eta zerbitzuak era orekatuan banatzea herriko auzo ezberdinetan.

– Mugikortasun jasangarria sustatzea; batetik, distantzia motzetan oinezkoen eta bizikleten erabilpena erraztea ibilgailuaren gehiegizko erabilera ekidinez; eta, bestetik, ibilbide luzeetan garraio indibidualaren ordez garraio publikoa lehenestea.

– Kalitatezko espazio publikoak sortzea.

– Gune berdeen sarea diseinatzea.

– Hiri-sistema efziente bat diseinatzea, baliabideen kontsumoa gutxitzeko helburuarekin.

Parte-hartzea.

Herritarren parte-hartzea plangintzaren fase guztietan egon dadin bermatzea eta plangintza osatzeko herritarren iritzietan eta proposamenetan oinarritzea.

Irisgarritasuna eta genero ikuspegia aintzat hartzea.

Hirigintzaz eta generoaz hitz egiten dugunean, bizitzeko egokiak diren hiriak eraikitzeaz hitz egiten ari gara; hiri abegitsu, atsegin, bero eta toleranteez. Erritmo indibidualak eta kolektiboak bateratzen uzten duten hiriez ari gara, espazio eta eraikin publiko guztietara pertsona guztiek sarrera izatea bermatuko duten hiriez, memoria historikoa baloratu eta inguruarekin harmonia bilatuko dutenez. Genero-ikuspuntua, horrenbestez, faktore erabakigarria da, denok aukera eta eskubide berberak izango ditugun Usurbil proiektatu ahal izateko.

Hirigintzak euskararen gain duen eragina neurtzea.

Gaia oso berria den arren, HAPO berriak ikuspegi hau ere kontuan edukiko du antolaketa proposamenak egiterakoan; hala, etorkizunean hirigintzak euskararengan duen eragina baloratuko da.

Espazio publikoa berrantolateko saioa egin da herritarrekin

Kale Irekiak parte hartzeko prozesua burutu da legealdi honetan, eta mugikortasun jasangarriari bide ematen dion plangintza da.

Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzearekin batera, herriko espazio publikoa berrantolatzeko prozesuari ere ekin zitzaion, izan ere, HAPOaren erredakzioarekin behar-beharrezko ikusi zen herriko mugikortasuna birpentsatzea, alegia, egungo eraikinen artean gelditzen ziren espazioak berrantolatzea, eta, nagusiki, autoentzat diseinatutako espazioak oinezkoentzat berreskuratzea. Hala, helburu horrekin ekin zitzaion Kale Irekiak parte-hartze prozesuari, eta, zinez aberatsa eta emankorra izan zen. Herriko txoko eta pasabide guztiei buruz aritu ginen hausnarrean eta hizketan, nork beretik emanez eta besteenak adi jasoz. Kale irekian egin ziren saioak, orain auzoan, orain eskolan edota kultur etxean, nola helduekin hala haurrekin, zein emakumeekin.

Prozesu horren emaitza izan da Usurbilgo Espazio Publikoen Berrantolaketarako Plana izeneko dokumentua. Jomuga bat eta bide bat planteatzen du, Usurbil jasangarria, irisgarria eta bizigarria lortzeko. Helburu hori lortzeko, espazio publikoaren eta ibilbideen beste antolamendu bat proposatzen du, baita hainbat ekintza urbanistiko ere. 50tik gora ekintza, zehatz esanda.

Hona hemen planaren eduki nagusiak:

Mugikortasun jasangarria.

Antolamendu berriak mugikortasun jasangarria sustatzen du, eta, horren arabera, hurrenkera honetan fnkatu dira mugikortasunmoduak: oinezkoak, motorrik gabeko ibilgailuak garraio publikoa eta ibilgailu motordun partikularrak. Hurrenkera hori gure kaleen diseinura ekarri da, eta, horretarako, oinezkoentzako espazio publikoa handitzea lehenetasunezko
bihurtzen du planak.

Irisgarritasun eta genero-ikuspegia.

Irisgarritasuna eta genero-ikuspegia ere aintzat hartu ditu plangintza berriak, gure ibilbideak eta kaleak denontzat egokiak eta seguruak izateko helburuz.

Lehentasunezko ekintzak.

Kale Irekiak parte-hartze prozesuan herritarrekin batera zehaztu ziren zeintzuk izan beharko luketen lehentasunezko aktuazioak. Honako hauek bereziki nabarmendu dira: Aginagako erdigunea oinezkotzea; Troiako pasabide ariskutsuari irtenbidea ematea; Zubietako ibilbidea oinezko eta bizikletentzat egokitzea; herriko sarrera hobetzea; autobus geltoki berria; kalezarko eskailerak konpontzea eta Erraktxikin parke berri bat egitea; Bordatxo eta udaletxe inguruak oinezkotzea; eta hilerri zaharra hustea. Hain zuzen, udal-gobernua proiektu horien gainean lanean ari da. Batzuk beste administrazioen esku-hartzea eskatzen dute eta haien inplikazioa lortu nahian ari da gobernu-taldea

Errioa biziberritzeko ekintza-plana

HAPOaren gaineko hausnarketa abiatzearekin bat, Udalak Oria ibaia eta haren ingurua biziberritzeko “Errioa Bizi” Paisaiaren ekintza-plana landu du legealdi honetan Araudi enpresako Raoul Servertek zuzenduta, eta Eusko jaurlaritzaren diru-laguntza jasota.

Ekintza-plan hori ere, beste plangintzekin egin bezala, herritarren ekarpenekin osatu da. Batetik, elkarrizketa erronda zabal bat egin zen errioarekin lotura estua duten eragile eta herritarrekin. Belaunaldi ezberdinetako herritar edota eragile ekologistengana jo zuen, bertakoek baino hobeto inork ez baitu ezagutzen Oria ibaia. Eta, bestetik, gerora, herritar guztiei ireki zitzaien parte hartzeko aukera, inkesta baten bidez. PArte hartzeko prozesu horretan EHUko irakasle Mitxel Perez eta Peio Lozano izan zituen laguntzaile Udalak, argazkian ikus daitekeenez. Prozesu hori ere guztiz emankorra izan zen.

Kaleak denontzat

Usurbilgo kaleak, ekipamenduak edota ibilbideak denontzat egokiak eta seguruak izatea EHBilduren helburuetako bat da, eta, horregatik, legealdi honetan egin diren obra eta konponketa-lan guztietan hartu dira aintat irisgarritasun eta genero ikuspegiak.

Etxebeste eta Irazu

Mikel Laboa plaza oinezkoentzat egokitu zenean, beharrezko ikusi zen Irazu eta Etxebeste kaleak irisgarriak bihurtzea, dema-plazarako eta frontoirako sarbideekin batera. Kaleok adokin irregularrekin osatuta zeuden, eta, material hori berrerabiliz lortu da koskarik gabeko zorua ipintzea. Halaber, kaleak altxatzeak aukera eman du bertako azpiegiturak berritzeko, hala nola euri-urak eta ur zikinen banaketa ondo egitea. Bi fasetan gauzatu dira lanok, honako aurrekontuarekin: 2016an, Irazu Kalea (190.000 €), eta, 2017an Etxebeste eta Hirutasuna kalea (290.000 €). Legealdi honetako inbertsiorik handienetako bat izan da.

Kalezarko eskailerak

Kalezar auzora igotzeko bide labur eta erabilia da Errekatxiki parkeko eskaileretan barrena doana. Horiek, ordea, ez zeuden batere egoera onean, izan ere, ez zituzten betetzen irisgarritasun- eta segurtasunbaldintzak. Horregatik, eskailera berriak egin ditu Udalak: trazatu bera mantentzen dute, eta zabalera handitu zaie, erosoak izan ahal izateko. Halaber, baranda ere jarri da, eta argiztatu egin dira. Kontsumo baxuko LED-ak jarri dira. Horretaz gain, albo batean errail bat zabaldu da, bizikletak igo eta jaisteko. Maldan hiru egontoki ere jarri dira, eserlekuez hornituta. Lanok 2018an egin dira, eta 60.000 euroko kostua izan dute.

Galtzaragainako plaza

Galtzaragainako plazaren berritzea bertako bizilagunen ekimenez abiatu zen, sotoan hezetasun arazo handiak zeudelako eta iragazkaitza berritu beharra zegoelako. Lizitazioa eta obra esleipena pribatua izan arren, Udalak plaza eremuko zorua, argiteria, euri urak eta ekipamenduaren kostua hitzarmen baten bidez onartu zituen. Obra 2017an amaitu zen eta Udalak 115.000 € ordaindu zuen bi urteetan.

Txokoaldeko parkea

Txokoaldeko bizilagunen kezkak eta zenbait eskaera tarteko, Txokoalden hainbat berrikuntza egin dira legealdi honetan. Hala, haur-parkea erabat berritu da; kaleetan zein aparkalekuan pintaketa lanak egin eta ezinduentzako plaza berri bat sortu da; Txokoaldeko zubian euri urak bideratzeko obrak egin dira; auzo sarrerako aparkalekuan eserlekuak jarri dira, eta Erroizpeko bidea asfaltatu egin da. Udalak 45.000 euroko diru partida bideratu du zeregin horietara.

Atxegaldeko aparkalekua

Atxegalden aparkatzeko izan ohi ziren arazoak eta Mahaspildegiko aparkalekuaren egoera txarra ikusita, aparkalekuei buruzko azterketa bat egin zuen Udalak. Azterketa horren emaitzak eskutan, Mahaspildegiko aparkalekua handitzeko proiektua abiatu zuen. Hala, hiru fasetan gauzatzea aurreikusten da. 2016-2017 urteetan, lehenengo biak gauzatu, eta hainbat aparkaleku berri sortu dira. 60.000€-ko inbertsioa egin da. Etorkizunean plaza gehiago egiteko aukera zabalik dago.

Artzabalgo plaza

Artzabalgo plaza berritzeko hitzarmena sinatu zuten bizilagunek eta Udalak, 2018ko martxoan. Urte luzez epaitegietan katramilatuta egon den auzia izan da, eta 2018ko urrian hasi ziren lanak. Proiektuak aurreikusten dituen kostu guztiak Udalak hartuko ditu bere gain (267.000 euro), eta inpermeabilizazio kostua, aldiz, Puntapax kaleko 10-12-14-16 bizilagunek ordainduko dute. Bi urtean ordainduko du Udalak obraren kostua, eta lanak datorren urte hasierarako amaituta izango dira.

Hilerri zaharra hustearekin, espazio publiko berri bat berreskuratu du herriak

Aurreko legealditik zetorren lanketa bururaino eraman da honako honetan: hilerri zaharra ixtea. Eta hilerria hustearekin bat, Errautsen Parkea eraiki da hilerri berrian. Izan ere, gune horretan utzi dira hilerri zaharrean lurperatuta zeuden eta inork eskatu ez zituen gorpuen errautsak, modu anonimoan. 120.000 euroko inbertsioa egin da. Edonola ere, Errautsen Parkea edozeinentzat dago erabilgarri. Izan ere, aurrerantzean gorpuak erraustu eta errautsak han, modu anonimoan, zabaldu nahi dituzten usurbildarrek ere erabili ahal izango dute gune hori. Hilerri zaharra hustea ez da, inondik inora, prozesu erraza izan. 2001ean ehortzi zuten azken gorpua eta 2018ko ekainean utzi zion hilerriak hilerri izateari. Osasun Sailak ofzialki itxi zuen hilerria, eta beste zerbait izateko baimena eman.

Eta orain zer?

Hilerri zaharra itxita, beraz, espazio publiko ederra berreskuratu du herriak, zernahitarako. Udalak oraingoz ez du egitasmo zehatzik leku horrentzako. Epe motzean txukunketa-lanak egingo dituzte, eremua erabilgarri uzteko. EHBilduren ustez, denbora utzi behar da. Jauzi kualitatiboa eman aurretik, tokiari arnasa hartzen utzi behar zaio, eta espazioak berak zer eskatzen duen ikusi.

Aginagako erribera

EHBilduk gobernu-programan jasotako ekimenetako bat izan da Aginagako erriberako bidea konpontzea, eta, egitasmo hori gauzatze bidean da. Luze jo du, ordea, orain arteko prozesuak. Izan ere, Aginagako erribera izaera pribatuakoa zen, eta azken urte luzeotan egin diren urrats guztiak medio, zortasuneko bidea izatea lortu da. Hau da, Eizatik Mapil arteko bideak jabego pribatua du, baina erabilera publikokoa izango da. Hala, bidearen mantenua eta konponketa Udalari dagokio. Txokoaldeko zatia falta da konpontzeko, eta zati horrek ere izaera bera izan dezan, Eizazpi eta Oriagain arteko zati batzuk desjabetzeko prozesuari hasiera eman zion urrian Udalak. Dena ondo bidean eta desjabetze-prozesua korapilatzen ez bada, udal-gobernuak datorren urtean bertan hasi nahi ditu Aginaga eta Txokoalde arteko zatia konpontzeko lanak. 65.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Udalak, eta 2019ko aurrekontuetan diru partida bat gordeko da horretarako.

Ugartondo

Ez da erraza izan bidea. Nahi baino gehiago atzeratu dira obrak, baina, urrian hasi ziren Ugartondoko etxebizitzak eraikitzen. Guztira, eremu horretan, 92 etxebizitza eraikiko dira: babes ofzialeko 46 etxebizitza eta beste horrenbeste etxebizitza tasatu, beren garaje eta trastelekuekin. Planifkazioan jasota dagoenez, obrek bi urte iraungo dute. Horrenbestez, bi urte barru, 2020ko azaroan, etxebizitzak eraikita eta bizitzeko prest egon beharko dute.

Zubietako bidegorria

Zubietatik Santuenera doan bidea motordun ibilgailuek, oinezkoek eta bizikletek partekatzen dute, eta ez dago denentzako nahiko leku, eta, gainera, ez da segurua oinezkoentzat eta bizikletentzat. Horregatik, Petritza, Lertxundi eta Oianguren baserrietatik barrena doan herri-bidea egokituko da oinezko eta bizikletentzat. Hala, 2019ko aurrekontuetan Udalak 80.000 euro bideratuko ditu inbertsio horretarako.

%d bloggers like this: