Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Bizi kalitatea

Jaurlaritzak eta Diputazioak entzungor jarraitzen dute

Usurbilen ditugun puntu beltzak desagerrarazteko ate joka aritu da udal-gobernua han-hemenka, eta elkarlana eskaini izan die Eusko Jaularitzari eta Diputazioari; haatik, oraindik ez dute soluzio errealik planteatzen, eta ez dute konpromiso irmorik hartzen Usurbilekin.

Herriko puntu beltzei konponbide duina eta osoa ematea lehentasunezkoa da udaleko gobernuarentzat, eta horri soluzioak topatzeko plangintza proposamena ere aurkeztua du gai honetan eskumena duten erakundeetan. Izan ere, Usurbilek soluzioak behar ditu. Soluzio errealak.

Jakina denez, N-634 errepideak eta trenbide-sareak gure herria zeharkatzen dute alderik alde, eta horrek hainbat tokitan pasagune arriskutsuak eragiten ditu, besteak beste, Aginagan, Txokoalden, Troian, Ugaldea industriagunean eta Ingemar inguruan. Ondorioz, herritar askok euren bizitza egunero arriskuan jarri behar izaten dute lanerako edo ikastetxerako bidean, baita aisialdiko ibilaldietan ere, pasabide horiek inolako babesik gabe zeharkatzera behartuta daudelako. Herritarrak egoerarekin kezkatuta eta haserre daude, 2018ko martxoan, Puntu Beltzik Ez! dinamikak bultzatuta, egindako agerraldian argi geratu zenez.

Hain zuzen, herritarren kezka eta haserrea bideratzen aritu da udal gobernua han eta hemen, eta hamaika bilera eta hartu-eman izan ditu gai horretan eskumena duten beste erakundeekin, hala nola Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailarekin, ETS Eusko Trenbide Sarearekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin. Ahaleginak eta bi egin diren arren, oraindik ez da lortu Usurbilekin konpromiso argi eta irmorik hartzerik. EAJ eta PSE bestelako azpiegitura eta garraiobide batzuetan ari dira dirua xahutzen, Donostialdeko metroan esate baterako, eta, ondorioz, bestelako proiektuak fnantzatzeko dirurik ez dute. Halaxe aitortzen dute, pribatuan bada ere.

Troiako pasagunea

Troian pasagune berri bat egiteko proiektuarekin gertatutakoa da horren lekuko. ETSk proiektu bat osatu zuen Troiarako, exekutatzeko pronto zegoen, baina Gipuzkoako Diputazioak proiektua gerarazi zuen, garestiegia zela esan, eta ez baitzuen dirurik jartzeko asmorik. Ondorioz, proiektu hura bazterrean utzi zuen ETSk, eta gaur da eguna erakunde bakoitza bere aldetik ari dela soluzioa lantzen: Diputazioak Troian semaforo bat eta zebrabide bat egitea proposatzen du, eta ETS, bere aldetik, trenbide pasagunean barrerak jartzea ari da aztertzen. EHBilduk ez du begi onez ikusten aukera hori, oinezko eta bizikleten segurtasuna ez delako bermatzen. EHBIldurentzat ezinbestekoa da Troiako pasabidearen gaiari modu integralean heltzea, eta soluzioak, edozein dela ere, oinezkoen eta bizikleten zirkulazio segurua eta egokia ahalbidetzea, bai N-634 errepidean, bai trenbidean, bai eta Ugaldea industriagunerako igarobidean. EHBilduren aburuz, derrigorrezkoa da proiektu bateratu eta koordinatu bat martxan jartzea, eta administrazioen arteko elkarlana. Haatik, gainerako erakundeek ez diote elkarlan horri aukerarik ematen. Horregatik, EHBilduren ustez, ezinbestekoa da herri gisa aritzea eta presio egitea.

Murrizketen aurka

EHBilduko udal-ordezkariak herritarrekin batera aritu dira Gipuzkoako Diputazioak Buruntzaldeako autobuseko lineen zerbitzuan egin asmo dituen murrizketak salatzen. Gipuzkoako EAJko eta PSEko agintarien asmoek kezka eragin zuten herritarren artean; horren lekuko da murrizketen aurka egun gutxiren buruan bildutako 2.000 alegazioak. Herritarren presioari esker, iragarri baino murrizketa gutxiago egingo badituzte ere, Usurbilen ospitaletako linea kendu egingo dute azkenean. Marisol Garmendia Bide Azpiegituretako diputatuaren esanetan, linea hori “defzitarioa” da. EHbilduren ustez, ordea, zerbitzu publikoak ezin dira etekin ekonomikoen arabera neurtu, eta linea hori kentzeak sektore ahulenei egingo die kalte, nagusiki.

Orain, Usurbildik ospitaletara joateko, ordubete beharko dugu usurbildarrok. Gainera, salatu nahi dugu prozesu osoan izan den itxitasuna eta gardentasun eza. Izan ere, proiektuari ekarpenak egiteko aukerarik ez da eman.

Baliabide propioen aldeko hautua

2017ko azaroan gertaturiko gatroenteritis brotearen ondorioz, Udalak herriko ur-sistema berritu behar izan du, eta 90.000 euroko inbertsioa egin du. Nabermen hobetu da sistema eta kontrola.

Ustekabeko gertaera batek astindu zuen 2017ko azaroan gure herria: urak eragindako gastroenteritis brotea. Udalak orduan igorritako informazioaren arabera, Erroizpeko uraren horniduran zenbait huts-egite txiki gertatu ziren, eta horrek eragin zuen etxeko iturrietara ura gutxi kloratuta iristea. Ordu gutxitako kontua izan zen; berehala eten zen Erroizpeko uraren hornidura eta jarri Añarbekoa, baina, tamalez, nahikoa izan zen herritarrei ondoeza eragiteko.

Gertaera haren ondorioz, Udala Usurbilgo ur-hornidura eta instalazio guztiak errebisatu beharrean aurkitu zen, zerk huts egin zuen argitzeko eta Erroizpeko ura berme guztiekin berriz erabili ahal izateko. Guztia argitu bitartean, Erroizpeko ura erabiltzeari utzi zitzaion; hala eta guztiz ere, udal-gobernuak ez zion inoiz uko egin Erroizperi, ezta unerik zailenetan ere. Baliabide propioen aldeko hautua argia izan zen hasiera-hasieratik, presioak presio eta zailtasunak zailtasun. Izan ere, presioak egon, egon ziren, nagusiki, Añarbeko Mankomunitatearen aldetik. Baina, Xabier Arregi alkatea oso argi mintzatu zitzaien usurbildarrei: “Erroizpeko ura herri honek duen ondasun preziatuenetako bat da. Kalitate handiko ura ematen du, eta, beraz, nor gara gu baliabide propio horri uko egiteko?”. Hain zuzen, premisa politiko horrekin aritu dira beti lanean udalean, krisiaren gordinenean ere helburua beti izan baitzen Erroizpeko ura ahalik eta azkarren jartzea.

Hala, gai hauetan adituak eta ibilbide profesional handia duten bi enpresa kontratatu zituen Udalak, aholkulari gisa. Guztira, 90.000 euroko inbertsioa egin behar izan zen, hainbat instalazio, sistema eta gailu berritzeko, eta, horrenbestez, hobekuntza horiekin guztiekin nabarmen hobetu da uraren bilketa-sarea eta kontrol-sistema.

Erroizpeko presak errekako eta hiru iturburuetako ur naturalak biltzen ditu, eta oso ona da ur hori. Oraingoz, ura iturburuetatik baino ez hartzea erabaki zuen Udalak. Egun horietan bitarteko komunikatibo ezberdinen bidez jakinarazi zuenez, 2036. urtera arteko kontzetsioa du Udalak, eta, gainera, iturburuek nahikoa ur ematen dute herriaren zati handi bat hornitzeko.

Hortaz, honako lekuetara iristen da Erroizpeko ura: Santuenea, Txokoalde, Aginaga, Zubieta, Kaxkoko zati bat (Kale Nagusitik behera), eta Osinalde, Zumartegi eta Ugaldea industriaguneak. Gainerako tokietara Añarbeko ura irisiten da. Hain zuzen, horixe da Usurbilgo ur-hornikuntzak duen indarguneetako bat. Hau da, bi tokietatik har daitekeela ura (Añarbetik eta Erroizpetik) oso erraz, giltzen sistema tarteko.

Ur-hornikuntza hori oso errentagarria zaigu: sistema horrekin (hau da, ura Añarbetik eta Erroizpetik hartuta), urtero, 62.480 euro ordaintzen ditu Udalak; ura soilik Añarbetik hartuko balitz, urtean 186.373 euro ordaindu beharko lituzke. Aldea, beraz, nabarmena da: 123.892 euro.

Errauste-plantarik ez! Gure eredu propioa jorratzen

Inposatu nahi diguten errauste-planta geldiarazteko ahalegin bizian aritu da Udala. Alternatiba badagoela erakutsi du egunero Usurbilek. Bide horretan, nazioarteko adituen zein usurbildarren laguntzaz, hondakinen gaineko kudeaketa integrala lortzeko bideorria zehaztu da urteotan: “Usurbil 0.0”

Usurbildarron gehiengoa ez dago ados Gipuzkoako erakunde nagusiek hondakinak kudeatzeko hartu duten bidearekin, errauste-plantan oinarritzen den proiektu guztiz kaltegarriarekin. Udalak era guztietako bitarteko judizialak eta instituzionalak erabili ditu aurka egiteko. Herri mugimendutik ere, behin eta berriz adierazi dugu aurkakotasuna, hitzez eta ekintzez. Mobilizatuz eta bozkatuz. Esaterako, 2016ko urrian Usurbilen egindako herri-galdeketan, 16 urtetik gora usurbildarren % 43k esan zion ezetz errausketari.

Hain zuzen, herritarren nahiari bide eman nahian, Usurbil 0.0 hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako programa osatu da legegaldi honetan. Programa honetara iritsi aurretik, urteetako hausnarketa eta jarduna egin du Usurbilgo herriak, eta, hortaz, programa hori beste urrats bat da ibilbide luze horretan. Hala, datozen sei urteetarako Usurbilgo bide-orria izateko helburua du programak.

Hondakinen kudeaketan 0a da sarritan erreferentzia eta helburua. Usurbilen urrats bat gehiago egin, eta erabili eta bota oinarri duen ekonomia lineal batetik, hondakinak lehengai bihurtzen dituen ekonomia zirkular baterantz iritsi nahi dugu. Hala, bat ez, bi zero jarri dizkiogu gure ereduari. Hala, honako hauek dira lorgarritzat dituen zeroak:

  • 0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe.
  • Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu.
  • 0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe.
  • Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer.
  • 0 hondakin biodegradagarri zabortegian.
  • 0 hondakin erraustu.
  • 0 hondakin ekonomia zirkularretik at.
  • 0 defzit zerbitzuan

Horra, zeroen batura egokiak ekuazio osasuntsu, jasangarri eta aurreratu hori eskaintzen dio Usurbili, eta horixe da programaren izenean adierazi nahi izan dena: 0 + 0 = 0.0

Helburuak eta ekintzak

Egungo hondakinen sorrera, gaikako bilketaren emaitzak, bildutako hondakinaren kalitatea eta zerbitzuaren guztiko kostua ikusita, Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio- eta kudeaketa- programaren helburuak datozen sei urterako, honako hauek dira:

  • 2023 urterako Usurbilgo hiri-hondakinen sorrera %10 murriztea
  • Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea.
  • 2020 urterako hiri-hondakinen % 90 gaika biltzea.
  • 2023an zabortegian isurtzen diren hondakinak inerteak eta gehienez ere % 5 material biodegradagarri izatea.
  • 2023an hiri-hondakinen bilketa- eta tratamendu-zerbitzuaren defzita 0 izatea.

Helburu horiek betetzeko, prebentzioan, gaikako bilketan eta tratamenduan eragin nahi da. Horretarako, hondakinen zikloa bere osotasunean hartu da aintzat plangintza honetan, ikuspegi zirkularra landuz. Izan ere, sortutako hori naturara itzuli behar da kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai. Hain zuzen, ardatz horrek gidatu behar du hondakinen kudeaketa oro.

2016ko datuekin alderatuz, puntu bat igo zen gaikako bilketa 2017an: gaur egun %84,77koa da. Igoera esanguratsuena organikoarekin eman da, aurreko urtean baino 10 tona gehiago bildu baita. Halaber, errefusari dagokionez, etxeetan sortzen den errefusa oso-oso gutxi da: usurbildar bakoitzak 10 kg sortu zituen, urte osoan. Orain arte, gainera, errefus guztia zabortegietara eramaten zen, eta, orain, aldiz, errefusaren zati bat inerteen zabortegira eramaten hasi da, hau da, Eizmendira.

Hala, murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak. Orotara, 50etik gora ekintza edo jarduera-programa aurreikusi ditugu, hurrengo sei urteetan garatzeko. Ekimen horiek guztiak herritarrekin batera landutako parte-hartze prozesu batean zehaztu ziren, eta, bakoitzaren lehentasun maila herritarrek eurek zehaztu zuten.

Organikoa, herrian bertan

0.0 plangintzak ajsotzen duen egitasmoetako bat da baserrikonposta. Jaurlaritzaren baimena baino ez du falta. Modu horretan, urtero 3.600 euro inguru aurreztuko lirateke, eta baserritarrek ere onurak jasoko lituzkete.


Usurbilek bide luzea egin du organikoaren tratamenduan. Gaur egun 700 familiak baino gehiagok kudeatzen dute euren organikoa auzokonposta eta autokonpostaren bidez. Gipuzkoan aitzindariak izan gara horretan. Kopurua esanguratsua izan arren, Udalak ez du horretan geratu nahi, eta 0.0 programaren helburuetako bat bio-hondakin guztia herrian bertan kudeatzea eta erabiltzea da. Aukerak badaude.

Gaur egun herrian bertan konpostatzen ez den organikoa, Lapatxeko konpostatze-plantara, Epeldekora edota beste lurraldeetara eramaten da, eta horrek tratamendu kostua eragiten dio Udalari. Gainera, GHKren tarifa-sistemak bio-hondakinaren tratamendua zigortu eta garestitu egiten du, errefusaren pare jartzen duelako. Onartezina eta ilegala da jokabide hori: bio-hondakina konposta sortzeko lehengaia da, estimu handia duena. Bio hondakina errefusaren pare ordainarazteak garbi erakusten du GHK-k ez duela birziklapenean sinesten, eta errauste-planta fnantzatzeko diru-iturri guztiak behar dituela.

Proiektuaren funtsa

Behemendi izango da hondakinak kudeatuko dituen erakunde publikoa. Hala, Udalak Behemendiri emango dio bildutako organikoa. Bestetik, Behemendi eta baserritarraren artean kontratu bat egingo da, eta baserritarrek Behemendiri lur zati bat utziko diote, azpiegitura jartzeko. Baserritarra arduratzen da konpostatze-prozesua zaintzeaz eta kontrolatzeaz, eta sortzen den konposta baserritarrentzat izango da. Hala, baserritarrak organikoa kudeatzeagatik diru saria izango dute. Beraz, dirua herritik kanpora eraman ordez, herrian bertan geratuko da.

Balantze ekonomikoa

Usurbildarrontzat askoz merkeagoa izango da modu honetan egitea. Hauexek datuak, erkatzeko:

  • 53 Tn/urteko kudeatzeagatik, GHK-ri 138 €/Tn ordaintzen ari da Udala gaur egun. Hau da, 7.314 € urtean.
  • 0.0 ereduaren arabera eginez gero, Behemendiri 70 €/Tn ordaindu beharko zaizkio. Hau da, 3.710 € urtean.
  • Beraz, urteko 3.604 € gutxi gorabehera aurreztuko lirateke.

Beraz, azpiegiturak ordaintzeko egindako inbertsioa 5 urtean amortizatua legoke.

Ze unetan dago proiektua?

Euskal Herrian ez dago oraindino mota honetako proiekturik. Eusko Jaurlaritzaren beharra du proiektuak, martxan jarri ahal izateko. Hainbat bilera egin dira Ihoberekin, eta begi onez ikusten dute egitasmoa. Baimen administratiboa lortuta, bi baserrietan jarriko da abian, esperientzia pilotu gisa. Guztiak ondo funtzionatuko balu, interesa duten baserrietara zabaltzeko aukera legoke.

Ingurumenaren ziantza, lehentasuna

Usurbil jasangarria lorteko bidean, ingurumenaren eta osaunaren zaintza lehentasunezko lan-lerroa da EHBildurentzat. Horregatik, legealdi honetan hamaika ekimen abiatu eta gauzatu dira. Hemen bildu ditugunak, adibide batzuk baino ez dira.

Hobekirekin bat egin du Udalak

Hobeki elkartea eratu dute hainbat udalek, hondakinen kudeaketan herriz herri lantzen ari diren esperientzia jasangarriak eta ekimenak ezagutu eta partekatzeko asmoz. Usurbilgo Udalak modu aktiboan hartu du parte elkartearen defnizioan eta sorkuntzan. Hernani (Gipuzkoa), Larrabetzu (Bizkaia), Gaintz-Gatzaga (Gipuzkoa) eta Donemiliagako (Araba) udalek eratu duten arren, asko dira azken asteotan elkartearekin bat egiten ari diren udalak, besteak beste, Usurbil, Berastegi, Segura, Berriatua, Antzuola, Zaldibia edota Oiartzungo udalak.

Toki-erakunde askok urteak daramatzate ekimen jasagarriak jorratzen, ingurumena eta osasuna lehenetsiz. Lan horretan, ordea, elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia nahiz iritzi trukaketa ez da behar bestekoa, eta, hain zuzen, hutsune hori betetzeko asmoz, eratu dute Hobeki. Elkartearen tresna nagusia webgune bat izango da: hobekielkartea.eus. Herriek, modu librean, euren ekarpenak edota edukiak zintzilikatuko dituzte, besteen esku uzteko. Hala, webgunea elkarteko kide diren udalen jardunbidearen erakusleihoa izatea da helburua, hau da, praktika onen topalekua.

Ur zikinen kudeaketa

Zubietako ur zikin gehienak behar den moduan batu eta Loiolako araztegira bideratzen dira 2017ko apirilaz geroztik, ur-ponpaleku berria eraiki ostetik, alegia. Ponpaleku berriarekin, Zubietako ur zikin gehienak Usurbilgo kolektore nagusira bideratzen dira, bertatik Loiolako araztegira joan daitezen. Modu horretan, Udalaren aspaldiko eskaera burutu egin da. Aurrerapauso handia izan da, ezbaririk gabe, izan ere, gure herriko ur zikin gehienak Loiolako araztegira bideratzea lortzen ari gara, eta hori pentsaezina egiten zitzaigun duela urte batzuk. Dagoeneko, Aginaga baino ez da geratzen, eta horretan gogor ari gara. Obra horiek Añarbeko Urak-ek egin ditu: 307.300 euro inguruko aurrekontua izan dute. Gainera, Oria ibaiaren berreskuratzean aurrerapauso handia eman da.

Anaerreka garbiten

Aranerreka eta haren ingurua biziberritzeko asmoari ekin zaio. Horretarako, hainbat egitasmo abiatu dira; batetik, Aranerrekaren uraren kalitatea aztertuko da eta erreka garbitzeko neurriak hartuko dira; eta, bestetik, Errekatxikiko parkean jolasgune bat jarriko da. Funtzio garrantzitsua bete izan du erreka horrek usurbildarrentzat, eta espazio horren erabilera areagotzeko helburuz, Aranerrekari aire berri bat eman nahi zaio, eta usurbildarrek erreka horrekin duten harremana indartu.

Airearen kalitatea

EHBildu jakitun da herriko zenbait enpresak isurtzen dituzten keek kezka eragiten dietela herritarrei. UCINen kasuan, aspaldikoa da egonezina. Horregatik, udal-gobernua bere eskuetan dagoen guztia egiten ari da arazoa konpontzeko, eta enpresari presio egiten dio. Ez gaude geldirik. Udalaren eskariz, batetik, ke difusoen emisioa eteteko obra bat egin berri du Ucinek, eta, bestetik, biltegi bat ere eraikiko du, txatarra babesteko. Neurri horiekin arazoa konponduko ote den ez dago garbi, baina Udalak Jaurlaritzaren Ingurumen Sailean presio egiten jarraitzen du, hark baitu berezko eskumena gai hauekiko. Jaurlaritzari kontrol- eta zaintza-lanak zorrozteko eskatu zaio, behin eta berriz. Bistan da, neurriak behar ditugula, neurri eraginkorrak, eta nagusiki hori enpresari eta Jaurlaritzari dagokie.

Burujabetza energetikoa

Esperientzia pilotua jarri da martxan Zubietako erdigunean. Zubietako Herri Batzarra, Lanbide Eskola, eta Usurbilgo eta Donostiako udalak aritu dira elkarlanean Zubietako Energia Plana diseinatzen eta babesten. Lehenbizi, energia kontsumoa ezagutzeko azterketa egin da, eta horren araberako ekintza-plana diseinatu da. Plan horretan, plaka fotovoltaikoak aurreikusten dira, mikrosare bat antolatu, eta bertako energiaz etxebizitzen eta ekipamenduen kontsumoari aurre egiteko.

KM0 jarri da martxan, bertako produktuak merkaturatzeko

Usurbil KM0 etiketa sortu nahi du Udalak, bertako ekoizleak lagundu eta haien produktuak herriko saltokietan salgai jarri ahal izateko.

Gaur egun 15-20 familia inguru daude lehen sektoretik bizimodua ateratzen
Usurbilen. Barazkiak, ganadua, esnea, gazta, gozogintza, frutak… lantzen dituzte eta bide ezberdinak jorratzen dituzte euren produktuak merkaturatzeko. Hain zuzen, horri bultzada emateko asmoz, Usurbil KM0 etiketa sortu nahian dabil Udala, Beterri-Buruntzako eskualdeko agentziarekin batera. Izan ere, eskualde mailan ere Beterri KM0 etiketa sortu dute, eta hortik eratorri da Usurbilen ere antzeko ekimen bat martxan jartzeko asmoa.

Beterri KM0 nekazaritza, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko proiektua da, eta nekazarien, dendarien, ostalarien eta eskualdeko udalen artean osatu da. Proiektuaren helburu nagusia da eskualdeko nekazarien ekoizpena eskualdeko jantoki publiko, denda, taberna eta jatetxeen bidez merkaturatzea. Horrek ahalbidetuko du garaikoa, bertakoa eta gehienetan ekologikoa den produktua modu merke eta jarraikortasunez eskuragarri izatea eskualdeko herritarrentzat. Halaber, proiektu horrekin nekazarien, dendarien eta ostalarien bideragarritasun ekonomikoa hauspotu nahi dute. Gaur egun lehenengo sektoreak Beterri-Buruntzako eskualdean inpaktu ekonomiko txikia du, % 1 pasatxo, hain zuzen ere. Hala ere, sektore horrek kualitatiboki, historikoki eta sinbolikoki garrantzi handia du. Horregatik, nekazaritza sustatzea ezinbestekoa dela uste dute eskualdeko udalek, eta, horrekin batera elikadura subirautza eta garapen ekonomiko endogeno, jasangarri eta anitza sustatzea.

Oraingoz, proiektuan eskualdeko 10 ekoizle inguru ari dira parte hartzen; tartean, hiru usurbildar.

Usurbil KM0 etiketa, dendetan

Herriko produktuak salgai jarriko diren saltokietako apaletan Usurbil KM0 etiketa jarriko da, bereizgarri modura. Eskualdeko produktuak diren kasuetan, aldiz, Beterri KM0 etiketa.

Saltokietan salgai jartzeaz gainera, jantokietan, ostalaritzan edota Udalaren zerbitzuetan nola txertatu ere ari dira aztertzen. Katalogo moduko bat ere sortzeko asmotan dabil Usurbilgo Udala; herrian zer ekoizten den eta non eskura daitezkeen jasotzen duen gida modukoa da, hain zuzen ere. Webgune bat ere sortu nahi da, hori guztia promozionatzeko. Aurtengo San Ixidro Egunean, herriko produktuak plazaratzeko ildoa jorratu zen. Azoka antolatu zen eta herri-bazkaria herriko produktuekin egindakoa izan zen.

Sagardoa eta sagarra sustatzeko ekimena

Usurbilgo Udalak, Alkartasuna Kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak, Sagardo Egunaren Lagunak, Noaua!k eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura” marka eratu dute. Sagarraren eta sagardoaren kultura zabaltzeko eta herrian egiten diren ekimenak bateratzeko eta koordinatzeko helburuz sortu dute.

Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendetan zehar, eta, horregatik, herri-ondare garrantzitsua dira. Gainera, bizi-bizirik dagoen ondarea da, izan ere, jarduera ekonomiko garrantzitsua izateaz gainera, Usurbilen saio eta ekintza ugari anto latzen dituzte herri-eragileek sagarra eta sagardoaren bueltan. Orain, guztiak egitarau bakarrean azalduko dira, eta horrek indarra eta oihartzuna emango dio eskaintzari, bai kanpora begira, bai barrura begira.

%d bloggers like this: