
Aniztasuna mehatxu bihurtzen ari diren garaiotan, eta han eta hemen migratzaileen aurkako politika xenofoboak nagusitzen ari diren aldi honetan, EHbilduren ustez, ezinbestekoa da migrazioaren eta aniztasunaren eremuan paradigma aldatzea eta ikuspegi propioz aritzea: herri honetan bizi garen guztiok euskal herritarrak gara, jaio garen lekua, sexua, sexu-orientazioa, erlijioa, etnia eta abar edozein izanik ere, eta, beraz, berdintasunaren printzipioaren arabera, guztioi dagozkigu eskubide, betebehar eta aukera berdinak, eta administrazio publikoari dagokio hori bermatzea.
Ikuspegi horren arabera aritu gara Usurbilen lanean. Gure ustez, elkarbizitzaren gakoetako bat gure herria osatzen dugun pertsona, jatorri eta kultura ezberdinok elkar ezagutzea da, estereotipo okerrak saihesteko eta, bide horretan, Udalak, hiru ekimen ditu martxan, besteak beste: Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan webgunea, harrera protokoloa eta Mundualdia.
Immigrazioa, bada, ez da fenomeno berria gurean. Usurbilek XX. mendean bi migrazio “olatu” nagusi jaso ditu, Espainiako Estatutik etorritakoena (1950 eta 1980 artean batik bat) eta munduko beste estatu eta kontinenteetatik etorritakoena (90eko hamarkadatik aurrera). Hala, bi migrazio olatu horiek eragin nabarmena dute gaur egungo usurbildarren jaiolekuen araberako mapan. Edonola ere, Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren ehunekoa oso baxua da. Izan ere, Aztikerrek 2018an egindako azterketaren arabera, Usurbilgo herritarren hamarretik zortzi baino gehiago Euskal Herriko udalerriren batean jaiotakoa da (%83,1) Usurbildar guztien (6.162) % 43a udalerrian bertan jaiotakoa da. Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren artean, kontinenteka, jatorri nagusia Europako Estatu-nazio ezberdinetatik etorritakoena da: Guztira 769 herritar dira, eta herritarren %12,6 osatzen dute; Amerikatik etorritakoak 198 dira eta herritarren %3,1 osatzen dute, (Ertamerikatik 72, Antilatik 19, eta Hego Amerikatik 107); Afrikatik 56, %0,9 (gehienak Saharaz hegoaldetik eta Marokotik iritsitakoak dira), eta Asiatik 17 (%0,3).
Beraz, herrialde guztiak kontuan hartuta ia 40 jatorri ezberdin ditugu Usurbilen.
Mundualdiaren helburua
Hain zuzen, horixe da Mundualdiaren helburua: jatorri horiek guztiak plazara ateratzea. Munduko kolore eta zaporeek herriko plaza hartzea, eta egun batez bada ere, gure egitea. Etxeko. Ghana, Mauritania, Italia, Kuba, Nigeria, Euskal Herria, Sahara, Honduras, Errumania, Pakistan edota Nikaraguako herritarrak elkar hartuta, bakoitzak berea, bere sorterria,
erakustea. Harrotasunez. Herri anitza garela aldarrikatzetik, mundu bat garela erakusteko. Biltzeko. Mundualdiak guztion aterpe izan nahi baitu. Izan ere, ez dugu ahaztu behar gurera kanpotik etorri diren herrikideak, bizitza berri bati ekin nahi dioten gizabanakoak direla. Pertsona horiek iragana dute: kultura bat, hizkuntza bat, eta erlijio bat. Eta ez dute zertan abandonatu. Hain zuzen, Mundualdiak herriko plazan zer diren erakusteko aukera eskaintzen die. Gainerako usurbildarrok ezagut ditzagun. Haien hizkuntza, kultura, jakiak, arropak, dantzak, ohiturak… gurekin parteka ditzaten. Arrotza eta ezezaguna zaiguna, ezagun bihur dezagun. Etxeko. Elkarrengandik asko baitugu ikasteko. Berdinetik berdinera. Elkar aitortuz. Ezer inposatu gabe. Kolore bakarreko baino, kolore anitzeko herria eraiki nahi dugulako.