Zirraragarria izan zen ON/IN Jaialdia!

Maiatzaren 26an erronka handia dugu parez pare: udal hauteskundeak, foru hauteskundeak eta Europako Parlamentua hautatzeko bozak ditugu. Hala, gure kanpainako ekitaldi nagusia egin genuen larunbatean, maiatzaren 18an, frontoian.

Ekitaldia baino gehiago, jaialdia izan zen, izan ere, ondo pasatzea zen helburua, elkarrekin konektatzea, sentitzea, partekatzea, gozatzea. Lau urteotan asko egin badugu ere, asko dugu egiteko, eta lan horri jarraipena eman, sakondu eta egitasmo berriak martxan jartzeko zerrenda eta programa bikainak osatu ditugu. Eta zer esanik ez, jende onena daukagu! Horixe ospatu genuen larunbatean.

Adarren deiarekin hasi genuen jaialdia, eta herritarren emanaldiekin osatu genuen egitaraua. Herriko sortzaileen parte-hartzerik gabe ez zen posible izango egitarau atsegin eta goxoa. Eskerrik asko oholtzatik igaro zineten guztiei: Mikel Usabiaga, Aroa Etxeburua, Mikel eta Agurtzane Alkorta, Ugaitz Agirre, Luken Arkarazo, Natali Izagirre, Jon Guadix, Kantujirako lagunak. Ederki islatu genuen udalean egin nahi dugun bidea, zurekin, elkarrekin, egin nahi baitugu. Udal-taldea eta herritarrak elkar hartuta. Horixe baita gure herrigintza eredua: herritarrekin, herritarrentzat. Lelo zaharrak dioen bezala, alkaterik onena herria.

Kantuan, dantzan, eta jolasean ere aritu ginen umeekin eta gaztetxoekin! Beraiek ere gure proiektuaren parte dira. Gutxiegitan ematen diegu ahotsa, eta are gutxiagotan erabakimena. Dena den, ezinbesteko ikuspegia eskaintzen dute mundu hobe bat eraikitzeko, begirada freskoa. Era berean, aniztasunari ere aitortza egin nahi izan genion, hurrengo legealdian inklusioaren arloa landu eta astindu nahi baitu EHBilduk. Horregatik, Sahararen aldeko elkartasun-keinua egin genuen. Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta ez genituzke inoiz balio internazionalistak galdu behar.

Lau urteotan lan itzela egin da udal-gobernutik Usurbil bizigarri, jasangarri eta atsegin bat izateko. Gu guztiok hobeto bizitzeko, azken batean. Bokazio horrekin aritu da orain arteko udal-gobernua. Dena ematen, Usubilengatik eta usurbildarrengatik. Lanegun amaigabeak, hamaika buruhauste, haserre, kezka, poz eta irribarre. Denetik izango baitzuen legealdi honek, bai gozotik, bai garratzetik. Baina, gure ustez, ezin zen hobeto egin. Horregatik, gure aitortza eta eskertza adierazi genien egungo zinegotziei. Mila-mila esker Iñaki, Txoko, Irene, Josune, Xuban, Jone, Alaitz eta Xabi.

Legealdi honetan, hamaika lan-ildo eta egitasmo jarri dira martxan, zeinak herri ikuskera batean duten oinarria, iraganetik datorrena eta etorkizunean proiektatzen dena. Lan horri jarraipena egitea dugu xede datozen lau urteetan, betiere herritarrekin harreman zuzena mantenduz. Harreman hori zinta-joko bidez irudikatu genuen:

“Gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak…” zioen Xabier Lete poetak, eta, oraindik negua hurbil eta gailurretako elurrak urtzen ari diren honetan, loratuko da udaberria, uda betezko beroak etorri aurretik. Eta jaioko dira adaxka berriak, gutxi batzuk dena ematen jarrai ez dezaten, eta dena eman dutenak gogoan, ibiltzen jarraitu nahi dugu, ez baikara libre izango beste bat loturik deino. Gu ere bagara zerbait, eta geure aukeren jabe eginez, nor bere buruaren jabe izanik, gauden tokitik, Usurbildik bertatik, herri libre bat irudikatzen eta ametsak arrazoi garbiz egi bihurtzen jarraitu behar dugu. Elkarrekin burujabe izaten. Zurekin. Gurekin.

Ixi Navarro: Euskal presoak etxera ekarri nahi ditugulako!


Eugenio Noriega: Stop a la precariedad laboral y a este sistema neoliberal!


Fatimetu Hamadi: Sahara askatu!


Xabier Arregi: Ekonomiak soziala izan behar duelako, pertsonak zaintzen dituena!


Ana Eizagirre: Herritik eta herritarrekin!


Alazne Olaizola: Zubieta babestu arnasa emateko!


Nerea Goizueta: Udalak herriaren zerbitzura egon behar duelako!


Ainhoa Arrospide: Aire garbiak bira gaitzan!


Itziar Basterrika: Pentsio duinak zahartzaroko kalitatezko bizitza batean!


Oxkar Santamaria: auzo eta herrien aldeko apustua egiten dugulako!


Luken Arkarazo: kultura bizia eta herritarra maite dugulako!


Aroa Etxeburua: herri feminista bat eraiki nahi dugulako!


Joxe Mari Iribar: Elikadura burujabetzaren norabidean, gure baserriak eta baserritarrak zaindu!


Lur Etxeberria: Hirigintza jasangarria eta ez espekulatiboaren bidetik, garapen orekatua bultzatzeko!


Beñat Larrañaga: Hezkuntza herritik sortzen delako, izan gaitezen herri hezitzaile bat!


Agurtzane Solaberrieta: Elkarrekin burujabe!

Izan ginenetik ari gara oraina eraikitzen, etorkizuna zerumugan. Iragana, oraina eta etorkizuna uztarri berean. Hari beretik, herri honen errelatoa idazten.

Ez dira gutxi eta nolanahikoak parez pare ditugun erronkak: erraustegia geratzea, justizia soziala, lan eta bizi baldintza duinak bermatzea, gure ehun produktiboari eutsi, eta, ahal dela, gure herri-balioekin bat egiten duten jarduera ekonomiko berriak ekartzea, euskaraz bizitzea, herri inklusiboa bihurtzea, euskal presoak etxera ekarri eta behin-betikoz sufrimenduarekin amaitzea… eta hori guztia betaurreko morez eta begirada feministarekin landu nahi dugu. Beti pertsonak, bizitzak, erdigunean jarrita.

Eta bide hori zuekin, herritarrekin, auzo/herri guztiekin egin nahi dugu. Elkar hartuta. Elkarlanetik elkarlanera. Alkaterik onena herri delako. Aupa zuek! Gora Usurbil! Gora EHBildu! Maiatzaren 26an, bozkatu EHBILDU!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s